ZENTZU GUTXIKO FEDEDUNAK
Aski parabolatan errepikatu izan du Jesusek, modu batean edo bestean, mezu bera: «Duzuen gauzarik hobena esperantza da. Ez ezazue galdu. Eutsi berari bizi-bizi. Ez itzali betiko biziaz duzuen guraria. Izan esperantza bihotza sutan duzuela. Izan zaitezte buru argi. Ez da gauza tristeagorik, pertsona “akabatua” dena baino, Jainkoarekiko esperantza galdu duena baino».
Jesusek ez du erabiltzen hizkuntza moralik. Berarentzat, geure baitan esperantza itzaltzen uztea ez da bekatu bat, zentzugabekeria da. Parabolako neskak, senarra iritsi aurretik beren kriseiluak itzaltzen utzi dituztenak, «zentzugabeak» dira; ez dute jakin beren itxaropenari bizirik eusten. Ez dira arduratu gizakiak behar duen gauzarik inportanteenaz: Jainkoaren zain azkeneraino bizitzen.
Ez da erraza gaur egun mezu hau entzutea. Galdu egin dugu ahaltasuna zerbait sakon eta iraunkorki bizitzeko. Denbora joateak dena higatzen du. Gaur egungo jendea, ematen duenez, berritasunak bakarrik txunditzen du, une-unekoak bakarrik, orainak bakarrik. Ez dugu asmatzen zerbait bizi-bizi eta iraunkorki bizitzen, zimeltzen utzi gabe.
Geroari begiratzeko era arrazoitsuagoa eta zentzuzkoagoa aurkitu dugu. Maisu-maistra gara kalkulu eta aurreikuspen-mota asko egiteko, gerora arriskurik ez izateko. Geure osasunaz asegurua egiteaz eta geure bizi-maila bermatzeaz arduratzen gara; geure erretiroa planifikatzen dugu eta antolatzen zahartzaro lasai bat. Oso ondo dago hori guztia. Baina ez diogu uzten zentzugabe izateari, begi-bistakoa den gauza bat kontuan hartzen ez badugu: geuk eratuak diren segurtasun hauek guztiak badaezpadako dira.
Ebanjelioaren oharpena ez da arrazoigabea edo zentzugabea. Jesusek, soil-soil, horizontean betiko bizia izanik bizitzera gonbidatu gaitu, geure burua xalo-xalo engainatu gabe bizitza honen iraungitasuna eta muga kontuan hartu gabe: «Zer aurreikuspen egiten duzue ikusgarri eta galkor denaz harago? Non uste duzue segurtasuna aurkitzea, zuen segurtasunak desegingo direnean?»
Esperantzari esna eusteak ez konformatzea esan nahi du edozein gauzarekin, ez etsitzea gizakiaz, ez galtzea «betiko biziaren» guraria guztientzat, ez uztea sinestea eta fidatzea bilatzeari. Ez badakite ere, horrela bizi direnak Jainkoa etorri zain bizi dira.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






