ARRISKUAK BIZITZEARI BELDURRA
Sarritan hartu ohi da erlijioa sineskizunen eta jardueren sistema bezala; Jainkoaren kontra babesteko baliotzat hartzen den erlijioa da, baina era sortzailean bizitzen laguntzen ez duena. Erlijio honek biziera triste eta antzura eramaten du jendea; kasu horretan, inporta duena Jainkoaren aurrean seguru bizitzea da, baina alaitasuna eta dinamismoa falta direlarik.
Ingura-mingura gabe esan behar da. Erlijio horren hondoan beldurra dago soilik. Jainkoaren kontra babes bila dabilena, beldurra diolako da. Pertsona horrek ez du Jainkoa maite, ez du konfiantzarik Jainkoagan, ez du gozatzen haren errukiaz. Soil-soilik, beldurra dio; horregatik, erlijioan bilatu nahi du erremedioa bere beldurren eta mamuen aurka.
Jesus ezagutu ondoren, ez dugu eskubiderik erlijiotasuna horrela hartu eta bizitzeko. Jainkoa ez da tirano bat, ez da gizakiari beldurra nola sartuko dabilen bat, era egoistan bere probetxua bakarrik bilatuz; aitzitik, Aita da, gutako bakoitzari bizia, erregalu handia, gomendatu diguna. Horregatik, Jesusek ez ditu irudikatzen bere jarraitzaileak erlijio bateko «betetzaile otoizlari» bezala, baizik eta fededun ausart bezala imajinatzen ditu, arriskuak bizitzeko eta zailtasunak gainditzeko prest direnak, guztientzat bizitza duinago eta zoriontsuago bat «kreatzeko». Jesusen ikasle bat edozertarako deiturik sentitzen da, bere bizitza era antzuan galtzeko izan ezik.
Parabolako hirugarren morroia gaitzetsi egin du nagusiak, ez gauza txar bat egin duelako, baizik eta bere nagusiari dion beldurrak zurrundurik utzi duelako, gomendatu dizkion talentuak «lur azpian» gorde dituelako. Mezua begi-bistakoa da. Jainkoari ezin diogu itzuli eman digun bizia, esanez: «Hemen duzu zeurea. Eman zenidan bizia ez da on izan ezertarako». Oker handia da bizitza «erlijiosoki zuzen» bizitzea, maitasuna era ausartagoan eta kreatzaileagoan bizitzen arriskatu gabe.
Bere egiteko guztia bere bizitza zaintzen, babesten eta defendatzen jartzen duenak, galbidean jartzen du. Porrot egiteko beldurrez, bere bihotzaren asmo jatorrenei jarraitzen ez dienak porrok egiten ari da jadanik. Bere zeregin guztia bere bertutea eta bere fedea gordetzen jartzen duena, bere biziari lur emateko arriskua du. Azkenean ez dugu eginik izango errore handirik, baina ez gara bizi izango.
Biziki bizitzeko gonbita da Jesus. Beldurra izan behar diogun gauza bakarra, beti arriskatzeko beldurrez bizitzea da, «zuzena denetik» irteteko beldurrez geure burua eraberritzeko ausardiarik gabe, ebanjelioa eguneratzeko kemenik gabe, kristau-maitasuna asmatzeko fantasiarik gabe.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






