BEHARREZKO GAUZA
Kasik konturatu gabe, egunean eguneko ekintzak gure izaera modelatzen ari ohi dira. Ez bagara barnearen arabera bizitzeko gai, eguneroko gertaerak tiraka ohi zaizkigu eta alde batera eta bestera eramaten gaituzte, egun bakoitzeko kezka beste horizonterik ez dugularik. Horregatik, on da entzutea emakume eraginkor eta langile hari Jesusek esan zizkion hitzak: «Marta, Marta, gauza askoz ari zara larri eta urduri, eta bakarra da beharrezkoa».
Hainbat eta hainbat zereginek eta kezkak aztoraturik, beharrezkoa izaten dugu noizbehinka atsedenaldi bat hartzea, geure burua berriro bizirik sentitzeko. Gainera, gelditu eta beharrezko sosegua topatu beharra sentitzen dugu, bizitzan «inportantea» den hura berriro gogora ekartzeko.
Oporrek, gainera, eduki berri eta aberasgarri bat edukiko lukete guregan, baldin eta gai izango bagina bi galde xume hauei erantzuteko: zein dira bizitzako gauza txikiak, sosegu, isiltasun eta otoitz faltak bidegabeki handitu dituenak, nigan bizitzeko gozamena bera hiltzeraino?, zein dira gauza inportanteak, denbora gutxi eskaini izan diedanak, horrela nire eguneroko bizitza pobretu dudalarik?
Atsedenaren isiltasunean eta bakean errazago egingo dugu topo geure egia propioarekin; izan ere, gauzak diren bezala ikustera iritsiko gara. Jainkoarekin ere egin dezakegu topo, berarengan aurkitu ahal izateko, ez indarra bakarrik borrokan jarraitu ahal izateko, baita bakearen azken iturburua ere.
Gogora dezagun «neure burua Jainkoaren baitan jartzea» delakoaren esperientzia, Eckhart maisuak hain sakon predikatua eta Dorothee Söllek hain eder komentatua: «Ez dut zertan hesitu neure baitan, sostengaturik bainago. Ez dut zertan lepoan hartu zama, esku onetan bainago. Irten ninteke neure baitatik eta besteri eman neure burua».
Geure atsedena eta geure barne bakea Jainkoagan topatzeko gai garenean, oporra grazia bihurtzen da. Agian, geure bizitza aztoratu eta urdurian lor ditzakegun grazietako handienetakoa.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






