JESUSI JARRAITZEAK GURUTZERA ERAMATEN DU
Hain familiaturik gaude Kalbarioko gurutzearekin, non ez baitigu jadanik inolako zirrararik eragiten. Ohiturak den-dena etxekotzen baitu eta den-dena «epelagotzen». Horregatik, garrantzizkoa da gogoratzea ahaztu samarturik ditugun Gurutziltzatuaren alderdi batzuk.
Has gaitezen esanez Jesus ez dela hil heriotza naturalez. Haren heriotza ez da izan espero zen beraren bizitza biologikoaren bukaera. Jesus indarkeriaz erail dute. Ez da hil ustekabeko edo menturazko istripuz, baizik eta exekutaturik hil da, gizarte hartan indar erlijioso eta zibil handiena zutenek eragindako auzi baten ondoren.
Gizarte hartako pobreenen eta zokoratuenen alde agertu zuen jarduera aske, senidetsu eta solidarioak eragindako erreakzioaren ondorioa izan da haren heriotza.
Honek esan nahi du ebanjelioa ezin bizi dela zigorren bat jaso gabe. Ezin eraiki da Jainkoaren erreinua, senidetasunaren, askatasunaren eta zuzentasunaren erreinua den hori, inolako aldaketarik nahi ez dutenen aldetik ukoa eta pertsekuzioa eragin gabe. Ezinezkoa da babesgabeekin solidario izatea boteretsuen erreakzioa jasan gabe.
Jesusek azaldu zuen konpromisoa, gizarte zuzenagoa eta gizakoiagoa eraikitzeko, hain begi-bistakoa eta seriosa izan zen, non bere bizia bera konprometitu baitzuen. Eta, halaz guztiz, Jesus ez zen izan ez gerrillari, ez líder politiko, ez erlijioso fanatiko bat. Gizon bat izan zen, zeinengan gizon-emakumeez Jainkoak duen maitasun ezin atzemana haragi eta errealitate egin baitzen.
Horregatik, orain badakigu zein diren mehatxua jasaten duten indarrak egiazko maitasuna gizarte batean sartzen denean; eta badakigu nolako indarkeriaz erreakzionatzen duten ezabatu eta ito nahirik senidetasun zuzenagoaren eta askeagoaren bila jokatzen dutenen kontra.
Ebanjelioak beti jasango du pertsekuzioa senidetasunaren eta zuzentasunaren gainetik segurtasuna eta ordenamendua jartzen dutenen eskuz. Jainkoaren Erreinuak beti topatuko ditu oztopoak bere burua botere absolututzat (Pilato) ematen duenaren indar politiko guztien aldetik. Maitasunaren mezua beti izango da ukatua erro-errotik, Jainkoa sufritzen dutenen Aitatzat hartzen ez duen erlijio ororen aldetik (apaiz juduak).
Jesusi jarraitzeak gurutzera eramaten du beti; prest egotea eskatzen du gatazka, polemika, pertsekuzioa eta heriotza bera ere jasateko. Alabaina, Jesusen piztuerak agertzen digu bizitza gurutziltzatu batek, azkeneraino Jesusen espirituaz bizitako batek, piztuera bakarrik duela zain, esperoan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







