BIZIARI GUSTUA EMAN
Gaur egungo eta betiko Elizaren egiteko premiatsuenetako bat fedea gizakiengana «berri on» gisa iritsaraztea da.
Sarritan hartu ohi dugu ebanjelizazioa kasik irakaspen huts bezala. Ebanjelizatzea Jesu Kristoren doktrina ematea izango litzateke, dela artean, oraindik, ezagutzen ez dutenei, dela era eskasean ezagutzen dutenei.
Orduan kezka guztia erlijio-irakaspena segurtatzea izango litzateke, eta beste ideología eta irizpide-korronte batzuen kontra argitzea. Ondo eskolatutako gizon-emakumeen bila ibiliko ginateke, kristau-mezua ondo ezagutzen eta era egokian eskualdatuko luketenen bila, alegia. Gure ardura teknika berriak eta pastoraltza-antolaketa bilatzea izango litzateke.
Jakina, garrantzizkoa da hori guztia; izan ere, ebanjelizazioak Jesu Kristoren mezua iragartzea eskatzen du. Baina ez da hori gauza bakarra, erabakigarriena ere. Ebanjelizatzeak ez du esan nahi doktrina bat hitzez iragartzea bakarrik, baizik eta jendearen bizitzan agerian ipintzea Jesu Kristok, gertaera bezala eta pertsona bezala, bizi izan duen indar gizatiartzaile, askatzaile eta salbatzailea.
Ebanjelizazioa horrela harturik, garrantzizkoena ez da erlijio-propagandarako baliabide boteretsuak eta eraginkorrak eskura izatea, baizik eta Jesusen era askatzaileaz jokatzen jakitea.
Gauza erabakigarria ez da gizon eta emakume doktrinaz ondo eskolatuak izatea, baizik eta ebanjelioa bizi duten lekukoak ukaitea. Fededunak zeinen bizitzan ebanjelioak bere baitan duen indar gizatiartzaile eta salbatzailea ikusi ahalko den, hura konbentzimenduz eta erantzukizunez onartua denean.
Kristauok askotan nahastu izan dugu ebanjelizazioa «gure kristautasuna» sozialki onartua izateko desioarekin. Jesusen hitzek, «lurraren gatz» eta «munduaren argi» izatera deitzen gaituztelarik, galdera osoa larriak egitera behartzen gaituzte.
«Berri on» al gara kristauok norbaitentzat? Gure kristau-elkarteetan bizi ohi dena, fededunen artean nabari ohi dena, «berri on» al da gaur egungo jendearentzat?
Kristauok ipintzen al dugu gaur egungo gizartean bizitzari gustu apur bat emango dion zerbait, garbituko duen zerbait, saneatuko duen zerbait, usteldura espiritualetik eta egoismo basati eta solidaritate-gabeziatik askatuko duen zerbait? Bizi al dugu ziurtasun gabeko aldi hauetan jendea argituko duen zerbait, esperantza-apur bat eta salbazio bila dabiltzanei horizonte berri bat eskainiz?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







