JESUSI ENTZUN GAUR EGUNGO GIZARTEAN
Duela urte gutxi batzuk, erlijioa zen jenderik gehienari irizpideak ematen zizkiona bizitza interpretatzeko eta burubideak bizitza zentzuz eta erantzukizunez norabidetzeko. Gaur egun, alderantziz, aski jendek utzi du Jainkoa alde batera, bizitzari, gurariei, beldurrari eta igurikimenei norberak bakarrik aurre egiteko.
Ez da eginkizun erraza. Segur aski, inoiz ez zaio gertatu gizabanakoari ez hain zaila, ez hain problematikoa, pentsatzen jartzea, gogoeta egitea eta erabakiak hartzea, ez bere buruaz, ez bere bizitzak duen garrantziaz. «Traszendentzia-gabeziaren» kulturan murgildurik bizi gara: gizakia «hemen» eta «orain» bikotean lotzen duen kulturan, berehalako egoera estuan biziarazten duelarik, inolako irekitasunik gabe bizitzaren azken misterioari. «Barreiaduraren kulturan» bizi gara, pertsona bere baitatik atera eta bihotzean daramatzan arazo handiez ahazturik biziarazten duelarik.
Gaur egungo gizakiak gauza asko ikasi ditu, inguratzen duen munduan gertatzen den guztiaz informaturik dago, baina ez daki zein den bere burua ezagutu eta bere askatasuna eraikitzeko bidea. Jende askok sinatuko luke, duela urte batzuk, G. Hourdinek, La Croix-ko zuzendariak, egin zuen deskribapen ilun hau: «Gizakia ezgai bihurtzen ari da nahi izateko, aske izateko, berez juzkatzeko, bere biziera aldatzeko. Robot diziplinatu bihurtzen ari da: dirua irabazteko lan egiten duena, ondoren talde-oporretan gozatuko duen dirua. Moda-aldizkariak irakurtzen ditu, mundu osoak ikusten dituen tele-emanaldiak ikusten ditu. Horrela ikasten du bera zer den, zer nahi duen eta nola pentsatu eta bizi behar duen».
Inoiz baino gehiago erreparatu behar diogu ebanjelioaren deiari: «Hau ene Semea da, maitea, ene kutuna. Entzun iezaiozue». Geldialdi bat egin beharra dugu, isiltasun bat egin beharra eta Jesusengan agertu zaigun Jainkoari gehiago entzun beharra. Barnez entzute horrek egian bizitzen lagunduko digu, bizia bere erraietan ahogozatzen, bizia alferrik ez galtzen, funtsezkoaren gainetik arin eta azalez azal ez pasatzen. Jesusengan haragitu den Jainkoari entzunez, geure txikitasuna eta pobretasuna aurkituko ditugu, baina geure handitasuna ere bai, jabetzean, Jainkoak era infinituan maite gaituen izaki garela.
Bakoitza libre da Jainkoari entzunez nahiz bizkarra emanez bizitzeko. Baina, nolanahi ere, bada zerbait guztiok gogoratu beharko genukeena, nahiz eta eskandalagarri eta kultura-kontrako gertatu: azken zentzurik gabe bizitzea era zoroan bizitzea da; kontzientziaren barne ahotsa entzun gabe jokatzea zentzugabeko izatea da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







