EZ GARA UMEZURTZ
Bere harremanak gaizki ezagututako Jesus batekin dituen Elizak, gutxi maite duenarekin eta ohikeriaz doi-doi gogoratzen duenarekin dituenak, arriskua du itzaltzen joateko. Itzalia den Jesus baten inguruan eta liluratzen ez duen eta bihotza ukitzen ez duen baten inguruan biltzen den kristau-elkarte bat etorkizunik ez duen elkartea da.
Elizan premia gorrikoa dugu Jesusekin beste kalitate bateko harremanak izatea. Jesusen esperientzia biziak markatu dituen kristau-elkarteen premia dugu. Denok parte har dezakegu Elizan Jesus benetan sentitua izan dadin, Jesus era berri batean, pertsona bizi bezala, biziko duen elkartea izan dadin. Guztiok egin dezakegu Eliza Jesusi atxikiagoa izan dadin, Jesusi itsatsiago bizi dadin. Nola?
Jesusek azken afarikoan egindako agurra berregin du Joanek bere ebanjelioan. Ikasleek sumatu dute oso denbora gutxi barru kendu egingo dietela Jesus. Zer izango da orduan beraien zoria, Jesus gabe? Nori jarraituko diote? Non elikatuko dute beren esperantza? Txera eta samurtasun bereziaz mintzo zaie Jesus. Bera gabe utzi aurretik, gero ere berarekin loturik nola bizi ikusarazi nahi die, baita bera hil ondoren ere.
Beste ezer baino lehen, bihotzean grabaturik eduki behar dute, inoiz ere ahaztuko ez duten hau: «Ez zaituztet umezurtz utziko. Itzuliko naiz». Ez dute sentitu behar inoiz ere bakarrik daudenik. Beste presentzia-era batez mintzo zaie Jesus, inguratuko eta biziaraziko dituenaz; hain zuzen, beren barne hondokoenean atzemango dute. Ez ditu ahaztuko. Etorriko da eta beraiekin biziko da.
Jesus ezin ikusi ahalko da jadanik mundu honetako argiaz, baina beraren jarraitzaileek atzeman ahalko dute fedearen begiez. Ez ote genuke gehiago zaindu eta biziberritu beharko Jesus berpiztuaren presentzia geure artean dugula? Nolatan lan egin ahalko dugu mundu gizatarrago baten alde, ebanjelioaren antzekoago den Eliza baten alde, Jesus sentitzen ez badugu geure ondoan?
Jesus beste esperientzia batez mintzo zaie, ikasleek orain arte ezagutu ez duten batez, Galileako bideetan barna jarraitzen ziotenean: «Jakingo duzue ni neure Aitarekin nagoela eta zuek neurekin». Hau da oinarrizko esperientzia. Gure fedea sostengatzen duena. Geure kristau-bihotzaren hondoan badakigu, Jesus Aitarekin dagoela eta gu Jesusekin berarekin gaudela. Den-dena aldatzen du honek.
Esperientzia hau maitasunak elikatzen du: «Maite nauena… nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio». Posible ote da egunero bere gurutzea hartzen duen Jesusi jarraitzea bera maitatu gabe eta berak min-minez maite gaituela sentitu gabe? Posible ote da kristautasunaren gainbeheratzea ekiditea maitasun hau biziberritu gabe? Zein indarrek mugiaraziko du Eliza, itzaltzen uzten badugu? Nork bete ahalko du Jesusek utzitako hutsunea? Nork ordezkatuko du beraren presentzia bizia gure artean?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







