JESUSI, KRISTORI, SINETSI
Izaten dira bizitzan zinezko egiatitasun-uneak, zeinetan geure barnetik, ezohiko argiz eta dirdiraz, galderarik erabakigarrienak ateratzen baitzaizkigu: hitz batean, nik zer sinesten dut?, zer espero dut?, norengan sostengatzen dut neure bizia?
Kristau izatea, beste ezer baino lehen, Kristori sinestea da. Berarekin topo egin izanaren zoria. Sineskizun, formula, erritu edo ideologizazio ororen gainetik, benetan erabakigarria kristau-esperientzian Jesusekin, Kristorekin, topo egin izana da.
Norberaren esperientziaz aurkitzen joatea, inork kanpotik esan diezagun beharrik izan gabe, Kristogandik hartuz joan gaitezkeen indar guztia, argia, poza, bizia. Esan ahal izatea, norberaren esperientziaz, Jesus dela «bidea, egia eta bizia».
Lehenik eta behin, bide dela jabetzea. Beragandik entzutea bide egiteko gonbita, beti aurrera joatekoa, ez gelditzekoa inoiz ere, geure burua eraberritzea etengabe, bizitzan sakontzea, mundu zuzen bat eraikitzea, Eliza ebanjelioaren antzekoagoa egitea. Kristo sostengutzat hartzea, egunez egun ibiltzeko doloretako bidea eta, aldi berean, pozezkoa, mesfidantzatik federa doana.
Bigarren, egia Kristogan bilatu eta aurkitzea. Beragandik Jainkoa aurkitzea sustraian eta gizakiok ematen dugun eta onartzen dugun maitasunaren terminoan. Konturatzea, azkenik, pertsona maitasunean bakarrik dela gizatarra. Aurkitzea maitasuna bakarrik dela egia bakarra, eta hori sufritzen ari den eta ahaztua den izakiarengana hurbilduz aurkitzea.
Hirugarren, bizia Kristogan aurkitzea. Izatez, bizia ematen digun harengan sinesten dugu gizon-emakumeok. Horregatik, kristau izatea ez datza lider bat mirestean, ezta Kristoz aitorpen baten formula jaulkitzean ere. Bizi den eta gu biziarazteko gai den Kristorekin topo egitea.
Jesus «bidea, egia eta bizia» da. Bizitzan beste era batean ibiltzea da. Bizitza beste modu batean ikusi eta sentitzea. Beste izaera sakonago bat. Beste argitasun eta beste bihotz-zabaltasun bat. Beste zeruertz eta beste ulertze bat. Beste argi bat. Beste energia bat. Izateko beste era bat. Beste askatasun bat. Beste bizitze eta hiltze bat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






