GURE HILDAKOAK BIZI DIRA
Maite-maitea dugun pertsona bati behin betiko agurra egin beharrak oinazean eta ezintasunean murgiltzen gaitu. Bizitza osoa suntsitua izango balitz bezala da. Ez da izaten kontsolatuko gaituen hitzik, ez arrazoirik. Zer espero daiteke?
Joanen kontakizunak ez du izan nahi Lazaroren piztueraren kontakizun hutsa. Batez ere, fedea iratzarri nahi du, ez piztueran sinets dezagun munduaren azkenean gertatuko den urruneko gertaera bezala, baizik eta «ikus dezagun» Jainkoa oraintxetik bizia isurtzen ari zaiela guk lur eman diegunei.
Jesus negarrez iritsi da Lazaro bere adiskidearen hilobira. Ebanjelariak dio «harlauza baten azpian dagoela». Harlauza horrek bidea ixten digu. Ez dakigu ezer hilak diren geure adiskideez. Harlauza batek banatzen du bizidunen eta hildakoen mundua. Azken eguna iritsi zain egotea bakarrik dagokigu, zerbait gertatzen den ikusteko.
Horixe da Martaren judu-fedea: «Badakit nire neba piztuko dela azken eguneko piztueran». Jesusentzat ez da nahikoa. «Kendu harlauza». Ikus dezagun zer gertatu den lur eman diozuenaz. Errealista izateko eskatu dio Martak Jesusi. Hildakoa hasia da usteltzen eta «kiratsa dario». Jesusek erantzun dio: «Sinesten baduzu, ikusiko duzu Jainkoaren aintza». Martari fedea esnatzen bazaio, «ikusi ahalko du» Jainkoa beraren nebari bizia ematen ari zaiola.
«Harlauza kendu dute» eta Jesus «begiak gorantz dituela jarri da», guztiei gonbita eginez begiak Jainkoaganantz goratu ditzaten, heriotzaren misterioan fedez sartu aurretik. Negar egiteari utzi dio. «Eskerrak eman dizkio» Aitari, «beti entzuten diolako». Hau da nahi duena: inguruan dituenek «sinets dezaten» Aitak Bidalia dela bera, munduan beste esperantza bat finkatzeko.
Ondoren, «ahots handiz oihu egin du: Lazaro, irten hadi kanpora». Lazaro kanpora irtetea nahi du, guztiei azaltzeko bizirik dagoela. Zirraragarria da pasadizoa. Lazarok «bendaz loturik ditu hankak eta eskuak» eta «aurpegia zapi batez estalia». Heriotzaren seinaleak eta loturak daramatza. Halaz guztiz, «hildakoa irten da», berez. Bizi da!
Hau da Jesusengan sinesten dugunon fedea: guk hobiratzen eta heriotzak harrapaturik uzten ditugunak bizi dira. Jainkoak ez ditu utzi bere eskutik. Ken dezagun harlauza fedez. Gure hildakoak bizi dira!
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







