KRISTAUA JAINKOAREN AURREAN
Kristauok ez dugu beti gauza erraza izaten Hirutasun bezala aitortutako Jainkoaren Misterioarekin harremanak era zehatz eta bizian bizitzea. Halaz guztiz, krisi erlijiosoa gonbita dugu, inoiz baino bizikiago, Jainkoarekin harreman pertsonal, osasuntsu eta atsegingarriak bizitzera. Jesus, Galileako Profeta honengan haragi egindako Jainkoaren Misterioa, dugu fede xume bat biziberritzeko abiapunturik hobena.
Nola bizi Aitaren aurrean?
Oinarrizko bi jarrera erakusten dizkigu Jesusek.
Lehenengoa, erabateko konfiantza. Aita ona da Jainkoa. Azkenik gabe maite gaitu. Ezer ez zaio axola gure ona baino gehiago. Beldur gabe fida gintezke harengan, errezelorik gabe, kalkulu edo estrategia beharrik gabe. Bizitzea Maitasunean fidatzea da gauza guztien azken misterio gisa.
Bigarrena, baldintzarik gabe esaneko izatea. On dugu Aita horren borondateari adi-adi bizitzea; izan ere, bizitza duinago bat nahi du guztientzat. Ez da bizitzeko modu osasuntsuago eta egiazkoagorik. Hau da errealitatearen misterioaren aurrean Jainko Aita baten fedetik bizi denaren ezkutuko motibazioa.
Zer da Jainkoaren Seme haragituarekin bizitzea?
Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzea: bera ezagutzea, bera sinestea, berarekin sintonizatzea, beraren urratsei jarraituz bizitzen ikastea. Biziari berak begiratzen zion bezala begiratzea; jendeari berak ematen ziona bezalako tratua ematea; berak egiten zuen bezala, ontasun eta askatasun kreatzaileen seinaleak ereitea. Giza bizitza gizatiarrago eginez bizitzea. Horixe dagi Jainkoak haragitu denean. Kristau batentzat ez dago bizitzeko era zoragarriagorik.
Bigarren, Jesusek, Aitaren gogoa jarraituz, abian jarri duen Jainkoaren egitasmoan lankide izatea. Ez gera gintezke besoak tolesturik. Negar dagitenak, barrez ikusi nahi ditu Jainkoak; gose direnak, jaten ikusi nahi ditu. Gauzak aldatu beharra dugu, bizia guztientzat bizi izan dadin. Jesusek «Jainkoaren erreinua» deitzen duena da markoa, norabidea eta zeruertza, bizitza gizatiarragoa bihurtzeko Jainkoaren azken misteriotik proposatzen zaiguna.
Zer da Espiritu Santuak arnasturik bizitzea?
Lehenik eta behin, maitasunak arnasturik bizitzea. Hori ageri da Jesusen ibilbide osoan. Funtsezkoa, dena maitasunez bizitzea da eta maitasunetik. Ez da gauza garrantzizkoagorik. Maitasuna da gure bizitzan zentzua ematen duen, egia eta esperantza eragiten dituen indarra. Maitasuna da hainbat eta hainbat trakeskeriatik, erroretik eta miseriatik libratzen gaituena.
Azkenik, «Jainkoaren Espirituak igurtzirik» bizi denak, Jainkoak modu berezian bidali duela sentitzen du behartsuei Berri Ona hots egitera. Bizitza horrek indar askatzailea du gatibuentzat; argia ematen die itsu bizi direnei; erregalu da zoritxarreko sentitzen direnentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






