ADISKIDEEN ELKARTEA
Jesusek bere ikasleekin partekatu ditu azken momentuak, Aitaren misteriora itzuli aurretik. Joanen kontaerak arreta handiz bildu du Jesusen testamentua: Jesusek beraien bihotzean betiko irarririk utzi nahi duena: «Agindu berri bat eman nahi dizuet: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala».
Joanen ebanjelioak bere arreta kristau-elkartean jarria du. Ez ditu gogoan kanpokoak. Jesus falta izango dutenean, beraren elkartean «adiskide bezala» maitatu beharko dute elkar, horrela maite izan baititu Jesusek: «Zuek nire adiskide zarete»; «jadanik ez dizuet zerbitzari esango, zuei adiskide deitu dizuet». Jesusen elkartea adiskideen elkarte izango da.
Irudi hau, kristau-elkartea «adiskideen elkarte» delako hau, ahazturik gelditu zen laster. Mende askotan, kristauek beren izaera «familia» bezala ikusi izan dute; familia, zeinetan batzuk «aita» (aita santua, gotzainak, apaizak, abadeak…) baitira; besteak «seme-alaba» leial dira, eta guztiek «anai-arreba» bezala bizi behar dute.
Kristau-elkartea, horrela, adiskideen elkarte bezala hartzeak senide artekotasuna sustatzen du, baina baditu bere arriskuak ere. «Kristau-familian» joera izan ohi da bakoitzari dagokion lekua azpimarratzeko. Desberdintzen gaituena nabarmentzen da, eta ez batzen gaituena; inportantzia handia ematen zaio agintaritzari, ordenuari, batasunari, mendekotasunari. Eta mendeko izatea, haurkeria eta askoren erantzukizun-eza sustatzeko arriskua bizi ohi da.
«Kristau-adiskidetasunean» oinarritutako elkarteak asko aberastuko eta eraldatuko luke gaur egun Jesusen Eliza. Batzen gaituena sustatzen du adiskidetasunak, eta ez desberdintzen gaituena. Adiskideen artean parekotasuna, elkarrekikotasuna eta elkarrekiko sostengua lantzen dira. Inor ez dago inoren gainean. Inongo adiskiderik ez da beste bat baino handiago. Desberdintasunak aintzat hartzen dira, baina hurbiltasuna eta erlazioa zaintzen direlarik.
Adiskideen artean errazagoa da erantzule sentitzea eta partedun izatea. Eta ez da hain zaila izaten kanpoko eta bestelako direnei, harrera eta adiskidetasun-beharra dutenei irekirik bizitzea. Zail da adiskideen elkarte batetik alde egitea. Elkarte hotz, ohikeriazko eta ezaxola batetik, jendea joan egiten da, eta gelditzen direnek doi-doi sentitzen dute.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






