ESPERANTZAREN
MISTERIOA
Berpiztuagan sinestea, uko egitea da onartzeari gure bizitza egundoko bi hutsuneren arteko parentesi labur bat bakarrik dela. Jainkoak berpiztu duen Jesus sostengutzat hartuz, sumatzen dugu, desiratzen dugu eta sinesten dugu Jainkoa bere betera bideratzen ari dela Gizadiaren bihotzak eta kreazio osoak duen biziaren, zuzentasunaren eta bakearen irrika.
Berpiztuagan sinestea, kontra egitea da geure indar guztiz, gizon-, emakume- eta haur-multzo kontaezineko hori, bizitza honetan soilik miseria, umilazioa eta sufrimendua ezagutu duen hori, betiko ahaztua gelditzeari.
Berpiztuagan sinestea, konfiantza jartzea da bizi batean, zeinetan ez baita izango jada ez pobretasunik ez oinazerik, zeinetan ez baita izango inor triste, ez baitu inork izango zertan negar egin. Azkenean ikusi ahal izango ditugu beren egiazko aberrira iristen patera koxkorretan datozenak.
Berpiztuagan sinestea, esperantzaz hurbiltzea da hainbat eta hainbat osasunik gabeko, gaixo kroniko, ezindu fisiko eta psikiko, depresioak jotako, bizitzeaz eta borroka egiteaz nekatua den jendeagana. Egun batean ezagutuko dute zer den bakean eta osasun betean bizitzea. Entzungo dituzte Aitaren hitz hauek: «Sar zaitez betiko zeure Jaunaren gozamenean».
Berpiztuagan sinestea, ez etsitzea da: uste izatea da, Jainkoa ez dela izango betiko «ezkutuko Jainkoa»; uste izatea da, ez dugula izango ezin gozatua haren begiratua, haren txera, haren besarkada. Jainkoa betiko aintzatsu haragiturik aurkituko dugu Jesusengan.
Berpiztuagan sinestea, konfiantza izatea da, ezen mundua gizatasun handiagoko eta zoriontsuago bihurtzeko gure ahaleginak ez duela huts egingo. Egun zoriontsu batean, azkenak zirenak lehenengo izango dira eta prostituituek aurrea hartuko digute Erreinuan.
Berpiztuagan sinestea, jakitea da, ezen hemen erdizka gelditu den guztiak, ezin izana izan duenak, geure trakeskeriaz edo bekatuaz hondatu izan dugunak: horrek guztiak lortuko duela Jainkoagan bere betearen betea. Ez da galduko maitasunez bizi izan dugun ezer edo maitasunez uko egin izan diogun ezer.
Berpiztuagan sinestea, espero izatea da, ezen ordu pozgarriak eta esperientzia garratzak, pertsonengan eta gauzetan utzi izan ditugun «aztarnak», eraiki edo gozatu izan duguna: guztiak antzaldatuko direla. Jada ez dugu izango bukatzen den adiskidetasunik, amaitzen den jairik, tristura dakarren agur egin beharrik. Jainkoa izango da dena denetan.
Berpiztuagan sinestea, uste izatea da, ezen egun batean entzungo ditugula Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan jarri dituen ezin sinetsizko hitz hauek: «Neu naiz gauza guztien hasiera eta azkena. Egarri denari, neuk emango diot doan biziaren uraren iturritik». Jada ez da izango, ez heriotzarik ez lanturik, ez garrasirik ez nekerik; iraganeko gauza izango da hori guztia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain