EZ BIZI LOTAN
Gaur egun mehatxu ditugun arriskuetako bat azaleko bizierara jotzea dugu, bizitza mekanikora, ohikeriazkora, masa-tankerakora. Ez da erraza ihes egitea. Urteak joan ahala, jende askoren egitasmoak, helmugak eta idealak itzali egiten dira. Ez jende gutxi jaikitzen da egunero «biziraute» hutserako.
Non aurki genezake gizatasun-emaile den printzipiorik, alienazio-suntsitzaile denik edota azalkeriatik, masifikaziotik, nahasmendutik, barne hustasunetik libera gaitzakeenik?
Harrigarria da zenbat azpimarratzen duen Jesusek zain-zain bizitzea. Esan daiteke ezen fedea zaintza-jarrera bezala, adi bizitze bezala, ulertzen duela: gizon-emakume asko dominatzen duen eta bizitzan helbururik eta helmugarik gabe bide egiten dugun zentzu-gabeziatik liberatzen gaituen zain-zain bizitze bezala hartzen duela fedea.
Fedea familia-tradizio bezala, ondare bat edo ohitura bat gehiago bezala, bizitzera ohiturik gaude; hartara, zail gertatzen zaigu fedeak duen indarra aurkitzea, dela gu gizatarrago bihurtzeko, dela geure bizitzari zentzu berri bat emateko. Horregatik, tristura ematen du erreparatzeak ezen aski gizon-emakumek bertan behera uzten duela era inkontzientean eta erantzukizun koxkorrez bizi izan duen fedea; guztia, jarrera sinesgabe bat hartzeko, lehenago bizi izan duen jarrera bezain inkontzientea eta erantzukizun koxkorrekoa hartzeko.
Jesusek adi eta zain bizitzeko egin digun deiak esna bizitzera gonbidatzen gaitu: ezaxolatik esnatzera, pasibotasunetik esnatzera, geure fedea sarritan bizi ohi dugun ardura-gabeziatik esnatzera. Fedea era buru-argiagoaz bizi nahi badugu, sakonago ezagutu beharra dugu, bizitzaren aurrean posible diren beste jarrera batzuekin konparatu beharra, eskertu eta bere ondorio guztiekin bizitzen saiatu beharra.
Orduan gure jarduera-irizpideak arnasten dituen argi izango da fedea, gizarte gizatiarragoa eraikitzeko konpromisoa eragingo duen indarra, gure eguneroko bizitza animatuko duen esperantza.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







