MAITASUNAREN SUA
Beldurra ematen du «maitasuna» hitza ahoskatze hutsak. Hain prostituiturik baitago, non gauzarik hobena eta gauzarik okerrena har baititzake bere baitan, gauzarik bikainena eta gauzarik zekenena. Halaz guztiz, maitasuna da beti bizitza sano ororen iturburu, gugan den alderik hobena esnatuz eta hazaraziz.
Maitasuna falta denean, bizia mugiarazten duen sua falta izaten da. Maitasunik gabe, bizia itzali egiten da, existitu edo begetatu egiten du eta, azkenean, akabatu. Maitasunik ez duena hesitu egiten da eta gero eta gehiago bakantzen. Bere arazoen eta egitekoen munduan nahaspilatzen da zoro bat bezala, sexuaren sarean harrapaturik gelditzen da, eguneroko lanaren errutinan erortzen da: bizia mugiarazten duen motorra falta zaio.
Maitasuna dago Ebanjelioaren bihotzean, ez era estuan bete beharreko lege zorrotz gisa, baizik eta Jesusek Lurrean pizturik ikusi nahi duen «su» bezala, pasibotasuna baino harago, ordenu onaren eskastasuna edo errutina baino harago. Galileako Profetaren arabera, Jainkoa gugandik hurbil dago, maitasuna eta Aitaren zuzentasuna ernearazi, hazarazi eta fruitu emaile bihurrarazi nahi ditu. Jainkoaren presentzia hau ez da mendekuaz mintzo, baizik eta maitasun grinatsuaz eta ahaide arteko zuzentasunaz: Ebanjelioaren alderik funtsezkoena da.
Jesusek mundua Aitaren graziaz eta maitasunez beterik ikusi nahi du. Indar kreatzaile hori legamia-apur bat bezala da: orea legamiatuz joan behar du, mundu osoa sutan jarri behar duen su bizi bilakatu behar du. Jesusek giza familia bat amesten du, maitasunaren eta zuzentasunaren egarriaren bizileku bihurtua. Gizarte bat, guztientzat bizitza duinago eta zoriontsuago baten bila sutsuki dabilena.
Jesusen jarraitzaileen bekatu handia, beti, sua itzaltzen uztea izango da: maitasunaren garraren ordez doktrina erlijiosoa, ordenua edota kultuaren zaintza jartzea; kristautasuna ideologiaz jantzitako abstrakzio bihurtzea; kristautasunaren ahalmen eraldatzailea galtzen uztea. Baina, Jesus ez zen arduratu lehenik eta behin erlijio berri bat antolatzeaz, ezta liturgia berri bat asmatzeaz ere, baizik eta «izaki berri» bat arnastu zuen (P. Tillich), gizaki berri bat jaioarazi zuen, erro-errotik maitasunaren suak eta zuzentasunak mugitua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







