JESUSEK ARRAZOI ZUEN
Zer sentitzen dugu Jesusen jarraitzaileok egiaz sinestera ausartzen garenean Jainkoak Jesus berpiztu duela? Zer bizi ohi dugu berpiztuaren urratsei jarraituz bide egiten dugunean? Nola komunikatzen gara berarekin bera bizi-bizi esperimentatzen dugunean?
Jesus berpiztua, arrazoi zenuen.
Egia da Jainkoaz esan diguzun guztia. Badakigu orain Aita fidela dela Jainkoa, beragan konfiantza osoa ipintzeko gai dela. Heriotza baino harago maite gaituen Jainkoa dela. «Aita» esaten jarraituko dugu, inoiz baino fede handiagoz, zuk irakatsi zenigunez. Badakigu ez digula huts egingo.
Jesus berpiztua, arrazoi zenuen.
Badakigu orain Jainkoa biziaren adiskide dela. Orain hobeto ulertzen hasi gara bizitza sanoago, zuzenago eta zoriontsuagoz bizi zenuen irrika hura gizon-emakume guztientzat. Orain ulertzen dugu zergatik lehenesten zenuen gaixoen osasuna lege edo tradizio erlijioso guztien gainetik. Zure urratsei jarraituz, bizitza sendatuz biziko gara eta sufrimendua arinduz. Erlijioa beti pertsonaren zerbitzura jarriko dugu.
Jesus berpiztua, arrazoi zenuen.
Badakigu orain Jainkoak zuzentasuna egiten diela biktima errugabeei: bizia garaile jartzen duela heriotzaren gain, ongia gaizkiaren gain, egia gezurraren gain, maitasuna gorrotoaren gain. Borroka eginez jarraituko dugu gaitzaren, gezurraren eta abusuen aurka. Jainko horren erreinuaren eta bertako zuzenaren bila jarraituko dugu beti. Badakigu hori dela Aitak gugan ikusi nahi duen lehenengo gauza.
Jesus berpiztua, arrazoi zenuen.
Badakigu orain Jainkoak bat egiten duela gurutziltzatuekin, sekula ez borreroekin. Ulertzen hasiak gara zergatik egoten zinen zu beti sufritzen ari zirenekin eta zergatik defendatzen zenituen behartsuak, goseak eta mespretxatuak hainbeste. Geuk ere ahulenak eta zaurgarrienak defendatuko ditugu, gizartean tratu txarra jasaten dutenak eta erlijioak ezikusia egiten dienak. Aurrerantzean hobeto entzungo dugu zeruko Aita bezala errukitsu izateko zure deia.
Jesus berpiztua, arrazoi zenuen.
Orain pixka bat ulertzen hasiak gara zure hitzik gogorrenak eta arraroenak. Hasiak gara sumatzen bere bizia zugatik eta zure ebanjelioagatik galtzen duenak onik aterako duela. Orain ulertzen dugu zergatik gonbidatzen gaituzun zeuri jarraitzera, azkeneraino, egunean eguneko gurutzea soinean hartuz. Zugatik eta zure ebanjelioagatik pixka bat sufritzen jarraituko dugu, baina oso laster zurekin partekatuko dugu Aitaren besarkada.
Jesus berpiztua, arrazoi zenuen.
Orain bizirik zaude betiko eta geure artean izango zaitugu zure izenean bi edo hiru elkartzen garenean. Badakigu orain ez gaudela bakarrik, bidelagun zaitugula Aitagana bide egiten ari garelarik. Zure ahotsa entzungo dugu ebanjelioa irakurriko dugunean. Zutaz elikatuko gara zure afaria ospatuko dugunean. Gurekin egongo zara mendeen azkeneraino.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






