BUZTINA ESPIRITUAK ARNASTUA
Joanek asko zaindu du Jesusek bere ikasleei gomendatu dien misioaren eszena. Garbi utzi nahi du zer den muina. Jesus dago elkartearen erdian, guztiak bere bakeaz eta pozaz blai egiten. Baina ikasleek misio bat dute egiteko zain. Jesusek ez die dei egin beraz goza dezaten bakarrik, baizik eta bera munduan presente egin dezaten.
Jesusek «bidali ditu». Ez die zehazki esan norengan joan, zer egin edo nola jardun zehazki: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek». Jesusen egitekoa bera dute. Besterik ez: Jesusek Aitagandik hartu duena bera. Bera izan dena izan behar dute berek munduan.
Ikusi dute norengana hurbildu izan den Jesus, nolako tratua eman izan dien babesgabeei, nola eraman duen aurrera bizitza gizatiartzeko bere egitasmoa, nola erein dituen liberazio eta barkazio-keinuak. Beraren eskuetako eta saihetseko zauriek beraren guztizko buru-eskaintza dakarkiete gogora. Bere presentzia jendearen artean «berregin» dezaten bidaltzen ditu orain Jesusek.
Badaki, ordea, ikasleak ahulak direla. Behin baino gehiagotan harritu izan da beraien «fede txikiaz». Jesusen beraren Espiritua behar dute beren misioa betetzeko. Horregatik nahi du egin keinu berezi bat beraien gainean. Ez die eskurik ezarri, ez ditu bedeinkatu ere, gaixoekin eta txikiekin egin ohi zuenez: «Bere hatsa ufatu du ikasleen gainera eta esan die: Har ezazue Espiritu Santua».
Jesusen keinu honek beti ezin atzeman izan dugun indarra du. Tradizio biblikoaren arabera, Jainkoak Adam «buztinez» oratu zuen; ondoren «bizi-arnasa» ufatu zuen haren gainera, eta buztin-puska hura «bizidun» bilakatu zen. Horixe da gizakia: buztin-puska bat Jainkoaren Espirituak arnastua.
Fededun ahul eta fede txikiko: buztinezko kristau, buztinezko teologo, buztinezko apaiz eta gotzain, buztineko elkarte… Jesusen Espirituak bakarrik bihurtzen gaitu Eliza bizi. Jesusen Espiritua onartu ez duten zonak «hilik» gelditzen dira. Guztioi digute kalte egiten, zeren eta gure artean Jesusen presentzia bizia eguneratzea galarazten baitigute. Askori gerta dakioke ezin atzeman izatea gugan bakea, poza eta bizia Kristok berritua. Ez dugu bataiatu behar urez bakarrik, baizik eta Jesusen Espiritua ufatu behar dugu. Ez dugu egin behar maitasunaz mintzatu bakarrik, baizik eta Jesusek bezala maitatu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






