BIZIA ONARTU
Espiritu Santuaz hitz egitea, Jainkoaz geugan esperimentatu dezakegunaz hitz egitea da. «Espiritua», Jainkoa da gure bizitzan jarduten ari denez: indarra, argia, hatsa, bakea, kontsolamendua, gugan esperimenta dezakegun sua, bere azken jatorria Jainkoagan, bizi ororen iturburuan, duena.
Jainkoaren jarduera hau gugan kasik beti era diskretu, isil eta hitz gabean gauzatzen da; fededunak berak ere presentzia hau era kasik ezin sumagarrian atzematen du. Batzuetan, alabaina, ziurtasunak betetzen gaitu, gainezka dagien pozak eta erabateko konfiantzak: Jainkoa bada, maite gaitu, dena da posible, baita betiko bizia bera ere.
Espirituaren egintzaren seinalerik argiena bizia da. Bizia esnatzen eta hazten den hartan dago Jainkoa, komunikatzen eta hedatzen den hartan. Espiritu Santua «bizi-emailea» da beti: bihotza zabaltzen du, gugan hila zegoena pizten du, lo dagoena esnatzen, blokeaturik zegoenari mugimendua ezartzen dio. Jainkoagandik beti ari gara hartzen «bizirako energia berria» (Jüngen Moltmann).
Jainkoaren egintza birkreatzaile hau ez da mugatzen «arimaren esperientzia barnekoietara». Pertsonaren geruza guztiak hartzen ditu. Gure zentzumenak iratzartzen ditu, gorputza bizitzen eta maitatzeko gure gaitasuna biziberritzen. Labur esateko, Espirituak den-dena beste era batean bizitzera eramaten du pertsona: egia sakonago batetik, konfiantza handiago batetik, maitasun doakoago batetik.
Aski jenderentzat, funtsezko esperientzia Jainkoaren maitasuna da, eta esaldi xume batez esaten du: «Jainkoak maite nau». Esperientzia horrek itzultzen die duintasun suntsiezina, kemena ematen die umilaziotik edo etsipenetik jaikitzeko, berenik duten hoberenarekin topo egiten laguntzen die.
Beste batzuek ez dute ahoskatzen «Jainko» hitza, baina «oinarrizko konfiantza» bat sumatzen dute, bizia, dena dela ere, maitatzera eragiten diena, problemei adorez aurre egitera, guztientzat ongia bilatzera eragiten diena. Inor ez da bizi Jainkoaren Espiriturik gabe. Guztiengan ari da hura gure izatea bizirantz erakartzen. Espiritu Santua onartzen dugu bizia onartzen dugunean. Hauxe da Mendekoste kristau-jaiaren mezurik oinarrizkoenetako bat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






