OTOITZ EGIN BEHARRA DUGU
Gaur egungo gizakiaren tragediarik larriena, agian, otoitzerako nabari zaion ezgaitasun hazkorra da. Ahazten ari zaigu zer den otoitz egitea. Belaunaldi berriak beraien gurasoen fedea elikatu izan duten otoitz-praktika eta otoitz-formulak alde batera uzten ari dira. Murriztu egin dugu otoitzari eta barne gogoetari eskainitako denbora. Batzuetan erabat baztertu dugu geure bizitzan.
Ez da, ordea, hau gauzarik larriena. Ematen du jendea galtzen ari dela barne isiltasunerako gaitasuna. Ez dira gai jada beren izatearen hondoarekin topo egiteko. Mila sentsaziok barreiaturik, barnez sorgorturik, bizitza zorarazle baten erritmoari kateaturik, alde batera uzten ari dira otoitz-jarrera Jainkoaren aurrean.
Bestetik, gizartean, lehen irizpidetzat eta kasik bakartzat efikazia, emankortasuna eta berehalako baliagarritasuna onartzen dituen honetan, otoitza baliogabeturik gelditzen da alferreko gauza bailitzan. Aise baieztatzen da inporta duena «bizitza» dela, otoitza «heriotzaren» mundukoa bailitzan.
Halaz guztiz, otoitz egin beharra dugu. Ezin bizi dugu adoretsu, ez kristau-fedea, ez giza bokazioa, barnez gutxiegi elikatzen baditugu. Goiz edo berandu pertsonak atsegin-eza esperimentatzen du, giza bihotzean barne hutsuneak, egunekotasunaren arrunkeriak, bizitzako asperdurak edo Misterioarekiko inkomunikazioak eragina.
Otoitz egin beharra dugu, eguneroko zereginaren erritmoari eusteko ahalbidea emango diguten isiltasuna, baretasuna eta atsedena aurkitzeko. Otoitz egin beharra dugu, jarrera argi eta ernea bizitzeko gizarte azaleko eta desgizatiargarri honetan.
Otoitz egin beharra dugu, geure egia propioari aurre egin eta autokritika pertsonal egiatia eginez bizitzeko. Otoitz egin beharra dugu, gizatiarrago izatea galarazten digunaz liberatzen joateko. Otoitz egin beharra dugu, Jainkoaren aurrean jarrera jai-kutsuko, esker oneko eta kreatzailea bizi ahal izateko.
Zorionekoak, gai direnak gaur egun ere beren izatearen hondo-hondoan Jesusen hitzen egia esperimentatzeko: «Eskatzen duenak hartzen du, bila dabilena aurkitzen ari da eta dei egiten dionari irekitzen dio».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






