AUZI HARRRIGARRI BAT
Iturriek ez dute dudarako biderik ematen. Laguntza-beharrean ikusten dituenei buru-belarri emanik bizi da Jesus. Ez da gai ezikusiarena egiteko. Ez da sufrimendurik berari ez dagokionik. Bat egiten du txikienekin eta ezgaituenekin, eta ahal duen guztia egiten du halakoentzat. Berarentzat, errukia da lehenengo gauza. Jainkoaren antzeko izateko era bakarra dugu: «Izan zaitezte errukitsu zuen Aita errukitsu den bezala».
Ez gintuzke harritu behar Jesusen esanak, Azken Auziaz hitz egitean, gure bizitzaz eta berarekin bat izateaz juzkatuko gaituenean, azken irizpidetzat eta erabakitzailetzat errukia izango duela esan izanak. Nolatan harrituko gaitu Jesusek bere burua historiako behartsu eta zoritxarreko guztiekin bat eginik aurkeztean?
Mateoren kontaeraren arabera, «nazio guztiak» aurkeztuko dira gizonaren Semearen aurrean, hau da, Jesus errukitsuaren aurrean. Ez da inolako alderik egiten «herri hautatuaren» eta «herri paganoen» artean. Ezer ez da esaten erlijio eta kultu desberdinez. Gauza oso gizatiar batez hitz egiten da, guztiek ulertzen dutenaz: zer egin izan dugu gure ingurunean sufrituz bizi izan direnez?
Ebanjelaria ez da luzatzen propioki auziaren xehetasunak deskribatzen. Nabarmentzen duena, elkarrizketa bikoitz bat da, egundoko argia botatzen duena gure orainaldiaz, eta begiak irekitzen dizkiguna ikusteko ezen, azken batean, bi era daudela sufritzen ari direnen aurrean erreakzionatzeko: errukitu eta lagundu egiten diegu edota ezikusia egin eta hor konpon esaten diegu.
Mintzo dena epaile bat da, pobre eta premiadun guztiekin bat egin duena: «Ene anai-arreba txiki hauetako bati lagundu zeniotenean, neuri lagundu zenidaten». Premian den bati laguntzera hurbildu zaiona, neuri hurbildu zait. Horregatik beraren ondoan egon behar dute erreinuan: «Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok».
Ondoren, errukitu gabe bizi izan direnei hitz egiten die: «Txiki hauetako bati lagundu ez zenioten bakoitzean, neuri laguntzeaz ahaztu zineten». Sufritzen ari direnengandik urrundu direnak Jesusengandik urrundu dira. Logikoa da orain esango diena: «Alde egizue nigandik». Jarraitu zeuen bideari.
Geure bizitza orain berean eta hemen ari gara jokatzen. Ez da zertan egon inolako auziren zain. Orain ari gara hurbiltzen edota urruntzen sufritzen ari direnengandik. Orain ari gara hurbiltzen edota urruntzen Kristogandik. Orain ari gara geure bizitza erabakitzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






