KREDOKO FUNTSEZKOENA
Mendetan barna, kristau-teologoek ikerketa sakonak landu dituzte Hirutasun santu-santuaz. Halere, gure egun hauetan aski kristau bizi da ulertzen ez duena zer duten ikusterik bere bizitzan irakaspen miresgarri horiek.
Ematen duenez, gaur egun Jainkoaz hitz egitean, hitz apal eta xumez hitz egin diezaguten beharra dugu: gure bihotz pobrea, nahasia eta etsia ukituko duten eta gure fede zalantzatia sendotuko duten hitzez hitz egin diezaguten beharra. Agian, gure Kredoko funtsezkoena berreskuratu beharra dugu, Kredo hori bera alaitasun berri batez bizi ahal izateko.
«Sinesten dut Jainko Aita, zeruaren eta lurraren kreatzailea». Ez gaude bakarrik geure problemen eta gatazken artean. Ez gara bizi ahazturik. Jainkoa geure «Aita» kutuna dugu. Horrela deitu ohi zion Jesusek eta horrela deitzen diogu geuk ere. Bera da gure bizitzaren jatorria eta helmuga. Guztiok maitasun hutsez kreatu gaitu, eta Aitaren bihotzez dagoke guztion esperoan mundu honetako erromesaldia bukatzean.
Jainko Aitaren izena jende askok du ahazten eta ukatzen gaur egun. Belaunaldi berriak beragandik urruntzen ari dira, eta fededunok ez dugu asmatzen geure fedea jende horri nola kutsatu; halere, Jainkoak guztioi begira jarraitzen du, maitasunez. Duda-mudaz beterik bizi bagara ere, ez genuke galdu behar Jainko honekiko, Kreatzaile eta Aita dugun honekiko, fedea, konfiantza; izan ere, orduan galdua genuke geure azken esperantza.
«Sinesten dut Jesu Kristo, Aitaren Seme bakarra, gure Jauna». Jainkoak munduari egin dion erregalu handia da. Honek adierazi digu nolakoa den Aita. Guretzat, Jesus ez da izango inoiz ere gizon bat gehiago. Berari begiratuz Aita ikusten dugu: beraren keinuetan Aitaren txera eta ulermena atzematen ditugu. Jesusengan senti dezakegu Jainkoa gizatar, hurbil eta adiskide dugula.
Jesus honek, Jainkoaren Seme kutun honek, gizon-emakume guztientzat bizitza haurridetsuagoa eta zoriontsuagoa eraikitzera eragin eta animatu gaitu. Horretarako bidea seinalatu digu, gainera: «Izan zaitezte errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala». Jesusez ahazten bagara, zeinek beteko du haren hutsunea?, zeinek erakutsi ahalko dizkigu haren argia eta esperantza?
«Sinesten dut Espiritu Santua, Jauna eta bizi-emailea». Jainkoaren misterio hau ez da urruneko zerbait edo norbait. Presente dago gutako bakoitzaren hondo-hondoan. Atzeman dezakegu, gure bizitza arnasten duen Espiritu delako, sufritzen ari direnengana gidatzen gaituen Maitasun delako. Espiritu hau da geure barnean dugun gauzarik hoberena.
Grazia handia da bizitzan bide egitea, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatu gisa. Ez genuke ahaztu behar.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






