BIZITZEN LAGUN EGIN
Kristau-maitasunaren ezaugarri berezienetako bat lagun egitera hurbiltzea da, gure presentziaren beharrean dagoenagana. Hori da Mariaren lehen keinua Salbatzailearen ama izatearen misioa fedez onartu ondoren. Bideari ekin eta presaka joan beste emakume batengana, une horietan beraren beharra duenagana.
Bada maitatzeko era bat, geure egun hauetan berreskuratu beharko genukeena; bakardadean jota aurkitzen den bati «bizitzen lagun egitea» da: depresioak hartua denari, gaixotasunak harrapatua denari edota, soil-soilik, pozik gabe eta esperantzarik gabe dagoenari.
Sendotzen ari gara, guztion artean, indartsuentzat egina den gizarte bat: ondo ikusiak direnentzat, gazteentzat, osasuntsuentzat eta bizitzaz gozatzeko eta pozteko gai direnentzat egina.
Horrela, «gizarte-segregarismoa» (Jürgen Moltmann) deitu izan dena sustatzen ari gara. Haurrak haurtzaindegian batzen ditugu, gaixoak klinikan eta ospitalean kokatzen ditugu, geure adin handiko jendea zaharren egoitzan eta erresidentzian gordetzen dugu, delitugileak kartzelan biltzen ditugu eta drogadiktoak zainpean jartzen…
Horrela, dena dago ordenan. Aipatuetako bakoitzak aipatu txoko hartan aurkitzen du behar duen arreta, eta gainerakoek errazago eman diezaiokegu lanari eta bizitzaz gozatzeari, ezerk gogaitzen ez gaituela. Arazorik ez duten pertsonak biltzen ditugu geure inguruan, gure ongizatea arriskuan jarriko ez dutenak, eta «aski pozik» bizitzea lortzen dugu.
Baina begira: horrela ezin esperimentatu dugu beste bati poza kutsatzearen eta bizia ematearen alaitasuna. Badu bere azalpena jende askoren uste honek; ongizate-maila aski altua lortua izan arren, iruditzen zaio bizitza joaten ari zaiola esku artetik, asper-asper eginda.
Jainkoaren gizakundean sinesten duenak, gure bizitza partekatu nahi izan eta geure pobretasunean lagun egiten digunak, beste modu batean bizitzeko deia sentitu ohi du.
Kontua ez da «gauza handiak» egitea. Agian, xume-xume, geure adiskidetasuna eskaintzea da bakardadean lur jota dagoen auzoko horri, edota depresioak jota dagoen gazte horren hurbil egotea, edota pazientzia izatea nork entzungo bila dabilen agure horrekin, edota semea kartzelan duten guraso horien ondoan egotea, edota gurasoak apartatu izanak markatua duen haur horren aurpegia poztea…
Anaia edo arreba jasaten ari den zama eta pisua partekatzera garamatzan maitasun hori maitasun «salbatzaile» bat da; sufritzen ari dena bakardadetik libre uztea baita eta esperantza berri bat ematea, zu ondoan zaituela, bere atsekabean lagun bat baduela sentitu baitu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







