BARKAZIOAREN APOLOGIA
Barkazioaz idatzi izan dudan kasurik kasik guztietan eskutitzak jaso ditut; oro har, anonimoak, zeinetan akusatzen baininduten terrorismoaren biktimez ahaztu egiten naizela, ezkontideak saldukeria egin dionaren umilazioa ez dudala ulertzen, «hankak ez ditudala lurrean» eta antzekoak.
Ez zait batere zail egiten ulertzea barkaziori aurre egite hau. Nolatan ez ditut, bada, sumatuko indarkeriaren, mespretxuaren edota saldukeriaren biktima izan denaren haserrea, ezintasuna eta mina? Baina, hain justu, lerro horien hondoan nabari diren erresuminak eta oldarkortasunak askoz argiago ikustarazten didate zer izango litzatekeen barkazioa bazterrera utzia lukeen munduaz.
Bada defentsa-mekanismo bat, oso ezaguna psikologoentzat. «Mimetismo misteriotsu» baten bidez, biktimak eraso egin dionaren jokabidea, nolabait, imitatzeko joera izan ohi du. Erreakzioa kasik senezkoa, berezkoa da, gizabanakoaren edo taldearen inkontzientean harrotzen dena eta belaunez belaun ere eskualdatu daitekeena.
Momenturen batean, kontrako zeinuko erreakzio bat sortzen ez bada, betikotzeko arriskua du gaitzak. Biktimak barkatu nahi ez duenean edo ezin duenean, «gaizki sendatutako zauria» geldituko zaio, kalte egingo diona, iraganari kateaturik uzten duelako. Era berean, gizarte batean itsatsitako erresuminak zailago bihurtzen du bizikidetasunerako bideak bilatzeko argitasuna, eta gatazkari irtenbide bat topatzeko ahalegin guztiak blokea ditzake.
Jakina, mendekatu nahia da erantzunik senezkoena, instintiboena, irainari buruz. Pertsonak defendatu beharra sentitzen du jasotako zauriaren kontra. Baina, Jacques Pohier aditu ezagunak ohartarazten duenez, bere zauria erasotzaileari sufrimena ezarriz sendatu nahi duena oker dabil. Sufrimenak ez du ahaltasun magikorik hartutako umilaziotik edo erosotik sendatzeko. Sor lezake unetxo bateko plazera, baina pertsonak zerbait gehiago behar du sano bizitzera itzultzeko. Duela asko esan zuen Henri Lacordairek. «Nahi al duzu zoriontsu bizi unetxo batez? Har ezazu mendekua. Nahi al duzu zoriontsu bizi beti? Barka ezazu».
Batzuetan ahaztu egin ohi da ezen barkazioaren prozesuak onik handiena iraina jaso duenari egiten diola; izan ere, askatu egiten du gaitzetik, hazarazi egiten ditu beraren duintasuna eta jatortasuna, indarra ematen dio bere bizia birkreatzeko, bidea irekitzen dio beste egitasmo batzuei ekiteko. Jesusek «hirurogeita hamar aldiz zazpitan» barkatzeko gonbita egin duenean, gure bizitzatik gaitza erauzteko biderik sanoena eta efikazena jarraitzeko gonbita egin digu. Haren hitzek are sakontasun handiagoa hartzen dute Jainkoa barkazioaren azken iturburu dela sinesten duenarentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






