GALDERA ERABAKIGARRI BAT
«Eta zuek, nor naizela diozue?» Jesusen galdera hau ez da izan beraren lehen jarraitzaileentzat bakarrik. Funtsezko galdera da, kristau aitortzen garenok beti erantzun beharko dioguna.
Gure lehen erreakzioa bat-batean doktrina-erantzun bat bilatzea izan liteke, eta ohikeriazko eran aitortzea: «haragi egin den Jainkoaren Semea» da, munduaren «Eroslea», gizadiaren «Salbatzailea». Guztiak titulu handios eta ortodoxoak dira, dudarik gabe, baina inolako bizi-edukirik gabe jaulkiak izan daitezkeenak.
Jesusen galderak ez digu eskatzen soil-soil gure iritzia. Eskatu, interpelatu egiten gaitu, batez ere, berari buruz zein jarrera dugun. Hau, jakina, ez da azaltzen geure hitz hutsez, baizik eta, batez ere, berari egiten diogun jarraipen zehatzaz. Teologo batek esana duen bezala: «Adierazpen labur honek: “Sinesten dut Jesus Jainkoaren Semea dela”, gauza guztiz desberdina esan nahi du kasu bakoitzean: Asisko Frantziskok esanik edota Hego Ameriketako gaur egungo diktadore batek esanik». Azken hauen Jainkoa ez da bere jokabidea gidatzeko dei egiten dion bakoitzaren Jainkoa.
Jesusen hitzak errotiko aukera egitea eskatzen du. Edota Jesus guretzat historian izan diren pertsonaia askoren arteko bat gehiago da, edota Pertsona erabakitzailea da, biziaren azken ulerpena ematen diguna, gure bizitzari norabide erabakitzailea ematen diona eta behin betiko esperantza ematen diguna.
Orduan, «Nor naizela diozue?» delako galderak eduki berri bat hartzen du. Ez da, hartara, Jesusi buruzko arazo bat, baizik geuri buruzkoa. Nor naiz ni? Norengan sinesten dut? Nondik norabidetzen dut neure bizia? Zer da funtsean nire fedea?
Guztiok izan beharko genuke gogoan beti ezen fedea eta jaulkitzen ditugun formulak ez direla gauza bera. «Nik sinesten dut» delakoaren edukia hobeto ulertzeko, beharrezkoa dut nola bizi naizen egiaztatzea, zer antsiatzen dudan, zertara konprometitzen naizen egiaztatzea.
Horregatik, Jesusen galderak, geure ortodoxiaz egindako azterketa baino gehiago, dei bat izan beharko luke geure kristau-bizitzaren estiloaz. Bistan da; arazoa ez da Kristoz edozer gauza esatea edo sinestea. Ezta, ordea, fede ortodoxo baten aitorpen solemneak egitea ere, gero fede-aldarrikapen horrek eskatzen eta bere-berea duen espiritutik oso urrun biziko bagara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






