IKASI JESUSENGANDIK SUFRIMENDUAREN AURREKO JARRERA
Ebanjelioaren mezuaren alderdi gutxik jasan izan du «Gurutzea hartu» delako Jesusen mezuak adina desitxuratze. Horra nondik datorren kristau ez gutxik ideia aski nahasiak izatea sufrimenduari buruzko kristau-jarreraz. Gogora ditzagun ezin ahaztuzko datu batzuk, baldin eta Gurutziltzatuari leialtasun handiagoz jarraitu nahi badiogu.
Jesusengan ez dugu ikusten geugan hainbatetan bizi ohi dugun sufrimendu hori, geure bekatuak edota bizitzeko geure era desegokiak eragina. Jesusek ez ditu ezagutu inbidiak, erresuminak, barne hutsuneak edota gauzekiko eta pertsonekiko atxikimenduak eraginak. Bada, beraz, gure bizitzan sufrimendu bat (adituen arabera, pertsona batzuengan sufritzen ari direnaren %90era irits daiteke) ezabatuz joan beharko genukeena, preseski Jesusi jarraituz bizi nahi badugu.
Bestalde, Jesusek ez du sufrimendua maite, ez du apeta hutsez bilatzen, ez beretzat ez beste inorentzat, sufritzeak berekin izango balu bezala Jainkoari bereziki atsegin zaion zerbait. Errore bat da uste izatea ezen hurbilagotik jarraitzen diola Kristori, sufrimendua nahiera hutsez eta inolako premiarik gabe bilatzen duelako. Jainkoari atsegin zaiona ez da sufrimendua, baizik eta pertsona batek duen jarrera Kristori leial jarraitzeko orduan sufrimendua jasan behar duenean.
Jesus, gainera, munduan den sufrimendu guztia bere indar osoz ezkutaraztera konprometitu da. Beraren bizitza guztia izan da eten gabeko borroka, gaixotasunak, goseak, zuzengabekeriak, abusuek, bekatuak edo heriotzak adierazten duten sufrimena gizakiari erauzteko.
Jarraitu nahi dionak ezin egingo die ezikusia sufritzen ari direnei. Aitzitik, bere lehen egitekoa gizakien bizitzatik sufrimendua kentzea izango du. Teologo batek esan duen bezala, «ez dago zoriontsu izateko eskubiderik gainerakoekin batera ez bada, ezta gainerakoen aurka ere» (Ignazio Larrañeta).
Azkenik, Jesusek, beraren misioaren aurka ageri direnek eragiten duten sufrimenduarekin topo egiten duenean, ez dio ezikusia egiten, baizik eta bere-bere egiten du, Aitari dion leialtasun osoaren eta gizakiei eskaini nahi dien baldintzarik gabeko jarreraz.
Beste ezer baino lehenago, «gurutzea hartzea» Jesusi leial jarraitzea da eta jarraitze horren ondorioz, dudarik gabe, sortuko zaizkion egoera mingarriak onartzea. Badira kristauak beti onartu beharko dituen ukapenak, sufrimenak eta minak. Horra gutako bakoitzarentzat, eraman behar dugun gurutzea Kristoren urratsei jarraituz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






