KONFIANTZA JAINKOAREN ONBERATASUNEAN
Gero eta konbentzituago nago ezen ateo direla esaten duten gizon-emakumeetako askok, Jainkoa ukatzen dutela esaten dutenean, egiaz «idolo mental» bat ukatzen dutela, txikitan eraiki zutena. Beren barnean Jainkoaz duten ideia eta urte askotan bizi izan dutena, halako batean txiki gelditu zaie. Une batera iritsi direnean, Jainko hori izaki arraro, deseroso eta gogaikarri gertatu zaie. Eta bertan behera utzi dute.
Ez zait ezer ere kostatzen pertsona horiei ulertzea. Horietako batzuekin hitz eginez, behin baino gehiagotan etorri zaizkit burura Maximos IV.a patriarkaren hitz zentzuzko haiek, Kontziliokoan esanak: «Nik ere ez dut sinesten ateoek sinesten ez duten jainko horrengan». Benetan, zenbait jendek bere bizitzatik zokoratu duen jainkoa karikatura hutsa da, nork bere baitan faltsuki eratu izan duena. «Sasi jainko» horretatik beren arima hustu badute, ez ote da izango egunen batean egiazko Jainkoari txoko bat uzteko?
Baina, nola egin dezake topo pertsona batek gaur egun Jainkoarekin? Fededun garela esaten dugunongana hurbiltzen bada, aise aurkituko gaitu otoitz egiten, ez benetako Jainkoari, baizik eta idolo txiki bati zeinengana proiektatzen baititugu geure interesak, beldurrak eta obsesioak. Jainko bat zeinez jabetu egin nahi baikenuke eta zeinez baliatu geure probetxurako, ahaztuz benetako Jainkoak gizon-emakume guztiez duen onberatasun itzela eta ezin ulertua.
Jesusek hautsi egin ditu gure eskema guztiak «mahastiaren jaunaren» parabolan Jainkoa aurkeztu digunean: «guztiei nori bere denarioa» eman dio Jainkoak, merezi ala ez, eta kexua agertu diotenei esan diena; «Zuk inbidia ukan behar al duzu ni ona naizelako?».
Jainkoa guztientzat da ona, merezi ala ez, fededun izan edo ateo. Beraren onberatasun misteriotsua fededunen fedea baino harago eta ateoen federik eza baino harago dago.
Egin behar duguna, geure eskemak alde batera uztea da, geure barnean isiltasuna sortzea, hondoraino entzutea geure baitan taupadaka ari den bizia… eta itxarotea, fidatzea, geure izate guztia irekirik uztea. Jainkoa ez zaio ezkutatzen sekulen sekulako bihotz garbiz beraren bila dabilenari.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






