POZA HERRI OSOARENTZAT
Badira gauzak, jende xumeak bakarrik atzematen dituenak. Egiak, herriak bakarrik suma ditzakeenak. Pozak, pobreek bakarrik goza ditzaketenak.
Horrelakoa da Salbatzailearen jaiotza Betlehemen: ez da aberatsentzat eta jende boteretsuentzat den zerbait; ez da jende kultuak eta jakintsuak bakarrik ulertzen ahal duen gertaera bat; ez da gutxiengo berezi bati erreserbatua den zerbait. Gertaera herrikoi bat da. Poza, herri osoarentzat.
Are gehiago. Artzain pobre batzuk dira, judu-gizartean ondradutasun gutxiko jendetzat hartuak, jende askok zokoratu dituenak bekataritzat emanez; baina bakarrak dira berria entzuteko esna daudenak. Horrela da gaur egun ere, nahiz eta, sarritan, pobreenak eta marjinatuenak hain urrun gelditu diren gure Elizatik.
Jainkoa doakoa da. Horregatik egin dio harrera herri pobreak, dena diruz lor dezaketela uste duten haiek baino lasterrago. Jainkoa xumea da, eta herri apalagandik hurbilago dago, beti gehiago eduki nahiak itsuturik bizi direnengandik baino. Jainkoa ona da, eta hobeto ulertzen diote anai-arreba bezala maitatzen dakitenek, era egoistan beren ongizateari loturik bizi direnek baino.
Egia izaten jarraitzen du, gaur egun ere, lehen Eguberriaren kontakizunak iradokitzen digunak. Pobreek bihotza Jesusi errazago irekitzen diote aserik bizi direnek baino. Beren bihotzean «Ebanjelioarekiko sentiberatasun bat» gorde dute pobre horiek, aberatsengan sarritan endurturik, atrofiaturik, gelditu delarik. Arrazoia dute mistikoek esaten dutenean ezen Jainkoari harrera egiteko beharrezkoa dugula «hustea», «eranztea» eta pobre «bihurtzea».
Gainerakoen sufrimenduari iskin eginez, geure gurariak nola aseko bizi garen bitartean, maila desberdineko beroaldiak ezagutuko ditugu, baina ez Betlehemgo artzainei iragarri zaien poza.
Jabetasun-antsia elikatzen jarraitzen dugun bitartean, ezin abestuko dugu geure artean Betlehemen kantatu zuten bakea: «Bakea sustatu daitekeelako ideia, denbora berean jabetza eta irabazi-ahaleginak hauspotzen direnean, ilusio hutsa da» (Erich Fromm).
Gero eta gauza gehiago izango dugu esku artean gozatzeko, baina ez dituzte beteko geure barne hustasuna, geure asperdura eta bakardadea. Lorpen gero eta nabarmenagoak erdietsiko ditugu, baina gure artean areriotasuna, gatazka eta lehiakortasun gupidagabea haziko dira.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







