BEDEINKATU
Lukasen kontakizun iradokigarriaren arabera, bere ikasleak bedeinkatuz itzuli da Jesus bere Aitagana. Bere azken keinua du. Jesusek bere ondoren bere bedeinkazioa utzi du. Jesusen keinu honi erantzun hau eman diote ikasleek: tenplura itzuli dira pozez blai, eta han egoten ziren Jainkoa «bedeinkatuz».
Bedeinkazioa jarduera errotua da kasik kultura guztietan, besteen alde esna dezakegun desio hoberentzat ematen da. Judaismoak, islamak eta kristautasunak beti eman izan diote garrantzi handia. Eta, gaur egun kasik erabiltzen ez den erritu izatera bihurtu bada ere, ez dira gutxi beraren eduki sakona eta bera berreskuratu beharra azpimarratzen dutenak.
Bedeinkazioa, beste ezer baino gehiago, ongia desio izatea da geure bidean aurkitzen dugun jendeari. Baldintzapekorik eta salbuespenik gabe desiratzen dugu ongia. Osasuna, ongizatea, alaitasuna…. desio izatea: duintasunez bizitzen lagundu diezaiokeen guztia desiratzea. Zenbat eta gehiago desiratu ongia guztientzat, are posibleagoa da agerian gelditzea.
Bedeinkazioa, bizitzen ikastea da bizia eta jendea maite izateko oinarrizko jarreratik. Bedeinkatzen duenak hustu egiten du bihotza, batere sanoak ez diren beste jarrerak kanporatuz, hala nola oldarkortasuna, beldurra, areriotasuna edo axolarik eza. Ezin da bedeinkatzen jardun eta aldi berean gaitzetsiz, uko eginez, gorrotatuz bizi.
Bedeinkazioa, norbaiti ongia desiratzea da norberaren hondo hondotik, nahiz ez izan gu geu bedeinkazioaren iturburu, soilik lekuko eta eroale baikara. Bedeinkatzen duenak ez du egiten iradoki baizik, desiratu eta on guztiaren Kreatzaile denaren presentzia onbera eskatu baizik. Horregatik, bedeinkatu, Jainkoari esker oneko jarrera agertuz bakarrik bedeinka dezakegu.
Bedeinkazioak on egiten die, bai hartzen duenari, bai eskaintzen duenari. Besteak bedeinkatzen dituenak bere burua bedeinkatzen du. Bedeinkazioa norberaren barruan ari ohi da hoska, erregu isila balitz bezala, bihotza eraldatzen diharduelarik, bihotza hobeago eta jatorrago bihurtzen. Ezin sentitu da inor ere pertsona on, bihotz hondoan bestea madarikatzen jarraitzen duen bitartean. Jesusen jarraitzaileok Jesusek munduari eman dion bedeinkazioaren eroale eta lekuko gara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






