JAINKOAREN ESPIRITUAZ BIZITZEKO ARTEA
Kristauak ez dira sekula umezurtz sentitu. Jesusen heriotzak utzi duen hutsunea Berpiztuaren Espirituaren presentzia biziak bete du. Jaunaren Espirituak betetzen du fededunaren bizia. Gurekin bizi den egiaren Espiritua gugan dago, eta egian bizitzeko artea erakusten digu.
Egiazko fededun baten bizitza eratzen duena ez da ongizatearen antsia, ezta arrakasta iristeko borroka ere, ezta ideal bati esaneko izatea ere, baizik eta Espirituaren eraginpean Jainkoaren egiaren bila poz-pozik ibiltzea.
Egiazko fededuna ez da erortzen, ez legalismoan ez anarkian, baizik eta bihotz garbiaz egiaren bila bizi ohi da. Halakoaren bizitza ez dute egituratzen debekuek, baizik eta Espirituak animatzen eta sustatzen du baikor.
Espirituaren esperientzia hau bizi duenean, fededuna konturatzen da kristau izatea ez dela kontzientzia estutzen eta torturatzen duen zama bat; aitzitik, Espirituari bere maitasun kreatzaileaz gida gaitzan uztea dela: gugan bizi den eta, geure egoismotik ez, baizik eta maitasunetik jaio ohi den eta berez bezala biziarazten gaituen Espirituak gida gaitzan, alegia. Berezkotasuna, zeinetan kristauak uko egiten baitie probetxu egoistei eta Espirituaren gozamenean jartzen baitu bere konfiantza. Berezkotasun hori birsortzea da, birjaiotzea eta Jainkoaren egiarantz etengabe birnorabidetzea.
Espirituaren baitako bizi berri honek ez du esanahi barne bizitza bakarrik, jainkozaletasun eta otoitz-giroko bizitza bakarrik. Jainkoaren egiak bizitza berriko estilo bat eragiten du gugan, gezurretik eta egoismotik sortzen den bizitza-estiloari kontra egiten diona. Bizi garen gizartean gezurrari diplomazia deitzen diote, ustiapen edo esplotazioari negozio, erantzukizun-ezari jasankortasun, zuzengabekeriari ezarritako ordenu, sexuari maitasun, arbitrariotasunari askatasun, errespetu-ezari egiatasun.
Nekez uler edo onar dezake gizarte honek Espirituak zigilaturiko bizierarik. Baina Espiritu hau da fededuna babesten duena eta egiarantz bide egiten laguntzen diona, gizarte-gezurretik, gure egoismoen fartsatik eta jasankortasun-gabeziatik liberatuz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






