ITZULINGURURIK GABE
Ez dugu ikerketa oso sakonik egin beharrik izaten, geure lasaitasuna asaldatzen diguten pertsonen aurrean hartzen dugun jarrera –autodefentsa, errezeloa eta ihesa− aurkitzeko. Zenbat itzulinguru asmatzen dugun, gogaikarri edo deseroso gertatzen zaigun jendeari iskin egiteko. Nola bizkortzen dugun geure pausajea bere problemekin, nahigabeekin eta ezbeharrekin aspertzen gaituen eta geure atzetik segika datorren jendeak harrapa ez gaitzan.
Esaten ahal litzateke, etengabeko guardia edo zaintza-jarreran bizi garela geure zoriontasuna mehatxatu lezakeen jendeari dagokionezz. Eta gure beharra duten pertsonen aurrean gure ihesa zuzenesteko modu hoberik ez dugunean, beti izaten dugu aukera «oso lanpeturik gaude» delakora jotzeko.
Bai gaurkotasun handia duen «samariarraren parabolak», nor bere egitekora joateko korrika dabiltzan gizonen eta emakumeen gizarte honetan: beren interesen ondoren asaldatzen dira, nork bere eskariak oihukatuz.
Jesusen ustez, «izaki gizatar» izateko era bat bakarrik dago. Eta ez da parabolako apaizarena edo lebitarrarena; hauek premian dagoela ikusi eta «itzulinguru bat egin dute» bidean aurrera egiteko. Bestelakoa da samariarren jokabidea: bizitzan barna begiak eta bihotza zabalik dabil, beraren laguntza behar lukeenaren aurrean gelditzeko prest.
Jesusen hitzak egiati entzuten ditugunean, badakigu deika ari zaigula areriotasuna alde batera utzi eta abegikor eta harreragile bihur gaitezen. Badakigu estu dei egiten digula beste era batean bizitzera, geure bizitzan eremu zabalago bat sortzeko gure beharra dutenentzat. Ezin kukutu edo ezkutatu gara «geure egitekoen» atzean, ezta babestu ere teoria polit batzuetan.
Kristauen anai-arreba artekotasuna ulertu duenak badaki «bide-lagun» garela guztiok; hauskor ikusten ditugunen izaera bera partekatzen dugula; batak bestearen beharra dugula guztiok. Bidean premia duen anaiari edo arrebari arretaz begiratzen dionak gustu edo zapore berri bat aurkitzen dio bizitzari. Jesusen arabera, «betiko bizia izango du ondare».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







