NOR GURTZEN DUGU?
Magoak «Sortaldetik» datoz, juduei astrologiaren eta beste zientzia bitxi batzuen aberria iradokitzen dien lurraldetik. Paganoak dira. Ez dituzte ezagutzen Israelgo Liburu Santuak, baina bai izarren hizkuntza. Egiaren bila dabiltza eta bideari ekin diote aurkitzeko. Misterioari gida ditzan utzi die, «gurtu» beharra sentitu dute.
Haien presentziak aztoratu egin du Jerusalem osoa. Izar berri baten distira ikusi dute magoek, eta pentsarazi die jaioa dela «juduen erregea» eta hura «gurtzera» datoz. Errege hau ez da Augusto. Ezta Herodes ere. Non dago? Hauxe dute beren galdera.
Herodes «larritu da». Albisteak ez dio eragin inolako pozik. Bera da Erromak «juduen errege» izendatu duena. Jaio berria garbitu beharra du: non dago arerio bitxi hori? «Apaizburuek eta lege-maisuek» ezagutzen dituzte Liburu Santuak eta badakite Betleemen jaiotzekoa dela, baina ez zaie axola haurra eta ez diote bideari ekin hura gurtzeko.
Jarrera hori bera topatuko du Jesusek bere bizitza guztian: areriotasuna eta ukoa botere politikoaren ordezkariengan; axolarik eza eta gogorkeria gidari erlijiosoengan. Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren bila dabiltzanek bakarrik eskainiko diote harrera ona.
Magoek aurrera egin dute beren bilatze luzean. Tarteka, ezkutatu egiten zaie gidari duten izarra, ziurtasunik gabe utziz. Beste batzuetan, berriro egiten du distira, «egundoko poza» emanez. Azkenean, topatu dute Haurra, eta «ahuspeztuz, gurtu dute». Ondoren, Haurraren zerbitzura jarri dituzte berekin dituzten aberastasunak eta altxorrik baliotsuenak. Haurra fida daiteke hauetaz, beren Errege eta Jaun aitortu baitute.
Itxurazko bere xumetasunean, kontakizun honek galdera erabakitzaileak planteatzen dizkigu: noren aurrean ahuspezten gara?, nola du izena geure izatearen hondoenean adoratzen dugun «jainkoak»? Kristautzat dugu geure burua, baina Betleemeko Haurra adoratuz bizi al gara?, haren oinetan jartzen al ditugu geure aberastasunak eta geure ongizatea?, prest al gaude entzuteko, Jainkoaren erreinuan eta haren zuzentasunean sartzeko egiten digun deia?
Gure bizitzan bada beti Betleemera gidatzen gaituen izar bat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







