BIZIA MAITE IZAN
Jendeak ez du nahi espiritualtasunaz hitz egin diezaioten, ez baitaki zer esan nahi duen hitz honek; ez daki erlijiotasuna baino zerbait gehiago adierazten duela, eta ez datorrela bat tradizioz jaiera, debozioa edo pietatea deitzen dugunarekin. «Espiritualtasunak» Jainkoaren Espirituarekin «bizi-harremanak» bizitzea esan nahi du; eta hau, giza esperientzia bakoitzean Jainkoa «bizi-iturburu» bezala esperimentatzen denean bakarrik da posible.
Jürgen Moltmann-ek azaldu duen bezala, Jainkoaren Espirituarekin harremanetan bizitzeak «ez darama giza zentzumenak zokoratzen dituen espiritualtasun batera, nor bere barnera itzultzera, gorputzaren etsai litzatekeen horretara, mundutik aparte bizitzera, baizik eta biziarekiko maitasunaren bizitasun berri batera». Hila denaren, kristaldua edo sentikaitz denaren kontra, Espirituak biziarekiko maitasuna iratzartzen du beti. Horregatik, «espiritualki» bizitzea «heriotzaren aurka bizitzea da», bizia baiestea ahuldadea sentitu arren, beldurra, gaixotasuna, nahiz errua sentitu arren. Jainkoaren Espirituari irekirik bizi denak bizia hazarazten duen ororekin dirdira egiten du, eta kalte egiten eta hiltzen duen ororen aurka asaldatzen da.
Biziarekiko maitasun honek alaitasun desberdin bat eragiten du, guztiekin adiskidetsu, irekirik eta bakean bizitzen irakasten du, guztiok batak besteari bizia emanez, bizitza duinago eta zoriontsuago egiteko zereginean bata bestearen lagun izanez. Espirituak pertsonagan isurtzen duen bizi-energia honi, «energia erotizatzaile» deitzera ausartu da Moltmann; izan ere, era gozagarri, erakarle eta liluragarrian biziarazten du.
Esperientzia espiritual honek bihotza zabaldu egiten du, sentitzen hasten gara geure igurikimen eta gurari hondokoenak Jainkoaren promesekin nahasten direla; gure bizi finitu eta mugatua infiniturantz irekitzen da. Orduan, halaber aurkitzen dugu ezen «bizia santu egitea» ez dela moralizatzea, baizik eta Espiritu Santuaz bizitzea, hau da, Jainkoak dakusan eta maite duen bezala ikustea eta maitatzea: ona, duina eta ederra, betiko zorionerako irekia.
Hauxe da, Joan Bataiatzailearen arabera, Kristoren misio edo eginkizun handia: «guztiok Espiritu Santuaz bataiatzea», Espirituarekin harremanak izanez bizitzea. Honek bakarrik libra gaitzake Jainkoarekiko fedea era triste, makal eta ahulean bizitzetik.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







