JESUSI LEIAL TENTAZIOEN ARTEAN
Lehen belaunaldiko kristauak oso garaiz hasi ziren Jesusen «tentazioez» arduratzen. Ez zituzten ahaztu nahi Jainkoari leial izaten jarraitzeko garaitu behar izan zituen gatazka eta borroka-motak. Asko laguntzen zien ardura horrek beren eginbehar bakarretik ez irteten: Jesusen urratsei jarraituz mundu gizatiarrago bat eraikitzen.
Gaurko kontakizuna txundigarria da. «Basamortuan» Jainkoaren ahotsa entzun daiteke, baina Jainkoagandik urruntzen gaituzten indar ilunen tiradizoa ere senti daiteke. «Deabruak» Jainkoaren Hitza erabiliz zirikatzen du Jesus eta Israel herrian otoizten dituzten salmoetan sostengatuz: erlijioaren barnean bertan ere ezkuta daiteke Jainkoagandik urruntzeko tentazioa.
Lehen tentazioan, gogor egin dio deabruak harriak ogi bihurtzeko Jainkoaz baliatzeari. Pertsonak behar duen lehenengo gauza jatea da, baina «gizakia ez da bizi ogiz bakarrik». Gizakiaren guraria ez da asetzen bere gorputza elikatuz bakarrik. Askoz ere gauza gehiago behar du.
Hain justu, ogirik ez dutenak miseriatik, gosetik eta heriotzatik libratzeko, aseak direnen mundu gizatasun gabe honetan zuzentasunaren eta maitasunaren gosea sorrarazi behar dugu.
Bigarren tentazioan, tenpluaren goienetik Jainkoaren segurtasuna probatzeko eskatu dio deabruak. Lasai bizi ahalko da, Jainkoaren eskuak sostengu dituela, eta estropezurik eta inolako arriskurik gabe ibili ahalko dela. Jesusek erantzun dio: «Ez ezazu tentatu Jauna, zeure Jainkoa».
Deabruarena da erlijioa segurtasuna ematen duten sineskizunen eta jardueren sistema bezala antolatzea. Ez da eraikitzen mundu gizatiarrago bat nor bere erlijioan babestuz jokatzen denean. Beharrezkoa izaten da, batzuetan, konpromiso arriskutsuak hartzea, Jesusek bezala konfiantza Jainkoagan ipiniz.
Azken pasadizoa zirraragarria da. Jesus mendi garai batean dago mundura begira. Bere oinetan «erreinu guztiak» aurkezten zaizkio, beren gatazkekin, gerrekin eta zuzengabekeriekin. Haietan ezarri nahi du berak bakearen eta Jainkoaren zuzentasunaren erreinua. Deabruak, aitzitik, boterea eta aintza eskaintzen dizkio bera adoratzen badu.
Bat-batekoa da Jesusen erreakzioa: «Jauna, zeure Jainkoa, adoratuko duzu». Mundua ezin gizatiartu da boterearen indarrez. Ezin ezarri da botererik besteren gain, deabrua zerbitzatu gabe. Jesusi boterea eta aintza bilatuz jarraitu nahi diotenak deabruaren aurrean bizi dira belauniko. Ez dute adoratzen egiazko Jainkoa.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







