JESUSEZ GEHIAGO GOGORATU
Emausko ikasleen kontakizunak Jesusen bi jarraitzailek bizi izandako esperientzia agertu digu. Jerusalemdik Emaus herrixkara, hiriburutik 8 kilometrora, zihoazen. Kontatzaileak maisutasun handiz idatzi du, gaur ere Kristo berpiztuaganako geure fedea biziberritzen digu.
Jesusen bi ikaslek Jerusalemdik alde egin dute, bere inguruan eratuz joan zen jarraitzaileen taldea han utzi dute. Jesus hil dutelarik, taldea desegiten hasi da. Hura gabe ez du merezi elkarrekin jarraitzea. Ametsa itzali egin da. Jesus hilik, beraien bihotzean iratzarri zen esperantza ere bai. Ez ote da horrelako zerbait gertatzen gure elkarteetan? Ez ote gara ari Jesusenganako fedea hiltzen uzten?
Halere, bi ikasle hauek Jesusez hitz egiten jarraitzen dute. Ezin ahaztu dute hura. Gertatua komentatzen dute. Haren ondoan bizi izan dutenari zentzuren bat bilatzen saiatu dira. «Hizketan dihardutela, Jesus hurbildu zaie eta beraiekin doa». Berpiztuaren lehen keinua da. Ikasleak, ordea, ez dira gai bera ezagutzeko. Baina Jesus presente da jadanik bide eginez beraiekin. Ez ote dabil gaur egun ere Jesus, ezkutuan, Eliza bertan behera uzten ari diren baina hura gogoan dutenen ondoan?
Kontalariaren asmoa argi dago: bera gogoratzen eta hartaz hitz egiten dutenean hurbiltzen zaie Jesus ikasleei. Ebanjelioa komentatzen ari diren lekuan agertzen da, beraren mezuaz interesik dagoenean, beraren bizieraz eta egitasmoaz hitz egiten den lekuan. Ez ote dago Jesus gugandik hain urruti, beraz gutxi hitz egiten dugulako?
Jesusek interesa du beraiekin hitz egiteko. «Zertaz ari zarete hizketan bidez zoaztelarik»? Ez ditu behartzen bere nortasuna argiro adieraziz. Beren esperientzia kontatuz jarrai dezatela eskatu die. Berarekin hitz eginez konturatuko dira beren itsutasunaz. Irekiko zaizkie begiak, beraren hitzak gidaturik, barne ibilaldi bat egingo dutenean. Halaxe da. Elizan Jesusez gehiago hitz egiten badugu eta berarekin gehiago mintzatzen bagara, biziberrituko da gure fedea.
Ikasleek beren igurikimenez eta desengainuez hitz egiten diote; Jesusek, berriz, Mesias gurutziltzatuaren nortasunean sakontzen lagundu nahi die. Ikasleen bihotza su hartzen hasi da; «ezezagun» hura beraiekin gelditzea nahi dute. Eukaristia-afaria ospatzean, begiak ireki zaizkie eta orduan antzeman diote: Jesus berekin dute, beren fedea elikatzen ari zaie!
Kristauok gehiago gogoratu beharko genuke Jesus: haren hitzak aipatu, haren biziera komentatu, haren egitasmoan sakondu. Gehiago ireki behar ditugu geure fedearen begiak eta berari antzeman bizi-bizirik geure eukaristietan. Jesus ez da absente. Geure ondoan dugu bide eginez.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






