ASMATU ZEIN DEN ATEA
Joanen ebanjelioak irudi bereziz eta ederrez aurkeztu digu Jesus. Nahi du, beraren irakurleek aurki dezaten, Jesusek bakarrik erantzuten ahal diela, osorik, gizakiaren oinarrizko premiei. Jesus da «biziaren ogia»: bera janez elikatzen denak ez da gose izango. Bera da «munduaren argia»: jarraitzen diona ez da ilunpean ibiliko. Bera da «artzain ona»: berari entzuten dionak aurkituko du bizia.
Irudi hauen artean bada bat, xumea eta ahaztua kasik; halere, eduki sakon bat du. «Neu naiz atea». Horrelakoa da Jesus. Irekita dagoen ate bat. Jarraitzen dionak mundu berri batera eramaten duen ataria igaro behar du: bizia ulertzeko eta bizitzeko era berri bat.
Ebanjelariak hiru ezaugarri dakartza argitzeko: «Ni baitatik sartuko dena salbatuko da». Bizitzak irteera asko ditu. Ez dakarte denek arrakastarik, ez dute denek bizi betea bermatzen. Modu batean edo bestean Jesusekin sintonizatzen eta berari jarraitzen saiatzen dena, ate egokitik ari da sartzen. Ez da ari bere bizitza hondatzen. Salbatuko du.
Zerbait gehiago ere badiotso ebanjelariak. Jesusen baitatik sartzen dena «irten eta sartu ahalko da». Libre izango da mugitzeko. Libre izan daitekeen eremu batean sartu ahalko da, Jesusen Espirituari bakarrik uzten baitio gidatzen. Ez da anarkiaren edo askakeriaren eremua. «Sartu eta irten, Jesus den «ate» horretatik pasatuz egiten baitu beti, eta Jesusen urratsei jarraituz ibiltzen da.
Beste xehetasun bat ere gehitu du ebanjelariak: Jesus bera den ate horretatik sartuko denak «aurkituko du larrerik», ez da gose izango, ez egarri. Janari mardul eta ugaria aurkituko du bizitzeko.
Kristo da «atea»; horretatik sartu behar dugu kristauok, geure nortasuna biziberritu nahi badugu. Kristautasun bat bataiatuek eratua, baina gaizki ezagutzen duten Jesusekin erlazionatuek, lausoki ezagutzen dutenek, noizik behin era abstraktuan aitortzen dutenek, gaur egungo munduari gauza berezirik esaten ez dion Jesus mutu batekin erlazionatzen direnek, bihotza hunkitzen ez duen Jesus bat… kristautasun horrek ez du etorkizunik.
Kristok bakarrik gida gaitzake kristau-bizitzaren maila berri batera, hobeto oinarritura, ebanjelioak eraginera eta elikatura. Gutako bakoitzak parte har dezake Elizak, segidako urteetan, Jesus sentitu dezan, Jesus bizi dezan era biziagoan eta grinatsuagoan. Egin dezakegu Eliza benetan Jesus izan dadin, era biziagoan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







