JAINKOAREN BILA IBILI
Ikerketa soziologikoek diote, krisialdi erlijiosoa «ezaxola» geroz handiagorantz lerratzen ari dela Europan. Ezaxola barea, Jainkoari buruzko planteamendu guztitik arrotz. Halaz guztiz, gero eta gehiago dira, «Jainkoaren nostalgia» nolabaiteko batek eraginik, «zerbait desberdina» bilatu beharra sentitzen ari direnak, Jainkoagan sinesteko era berri bat bilatu beharra.
Jakina, nork bere esperientziatik abiatu beharko du. Ezin jokatu duzu zeure burua beste baten kopia bihurtuz. Ezin egingo da ezer, ez beharturik, ez ordezko batez. Norberak ezagutzen ditu bere desioak eta miseriak, bere hutsuneak eta bere beldurrak. Norberak ezagutzen du Jainkoaz duen bere «beharra». Jainkoaren ahotsa ez da isiltzen sekula. Ez du oihu egiten bere mihiaz, baina bihotzera xuxurlatzen digu.
Horregatik preseski, ez da aski Jainkoaren bila kanpoan ibiltzea: liburuetan, sesioetan, eztabaidetan. Gauza bat da «erlijioaz eztabaida egitea», eta beste bat, oso bestelakoa, Jainkoaren bila bihotz egiatiaz ibiltzea. Norbera konturatzen da, garbi asko, noiz ari den Jainkoagandik ihes egin nahiz eta noiz ari den egiaz beraren bila. San Agustinek esana da: «Ez zaitez barreiatu. Barnez bil zaitez zeure hondo-hondoan. Egiak gizakiaren barnean du bere egoitza».
Jainkoaren bila ibiltzeak bere lana du, baina topo egitea ez da sekula nahikeria fanatiko baten emaitza, ezta aszesi amorratu batena ere. Jainkoa opari bat da, erregalu bat da, eta inporta duena bera «arima xumez» onartzea da. Har dezagun gogoan Georges Bernanosen «Karmeldarren Elkarrizketa»ko ama nagusi adinekoaren gogoeta: «Behin haurtzarotik irtenez gero, asko sufritu behar da bertara itzultzeko, egunsentira berriro itzultzeko gau luze bat igaro behar izaten den bezala. Itzuli al naiz ni berriro haur bat izatera?».
Ez da egokiena Jainkoaren bila ibiltzea, soilik norberaren intuizioetan sostengatuz. Era asko izaten dira nork bere burua engainatzeko edota nor bere zilborraren jirabiraka ibiltzeko: nor bere sentimenduen eta ideien jirabiraka. Horregatik, hobe dugu norberaren esperientzia Jainkoaz izan duen bere bizipenetik gida gaitzakeen beste norbaitekin partekatzea eta erkatzea. Elkarrekin partekatze hori izan daiteke estimulu edo eraginik hoberena Jainkoaren bila jarraitzeko.
«Landan ezkutuan zegoen altxorra» delako parabolan, altxorraz jabetzeko, den-dena «poz-pozik» saldu duen gizakiaz mintzo zaigu Jesus. Jainkoaren bila ibiltzeak ez du eragiten, ez tristurarik, ez nahigaberik; aitzitik, poza eta bakea sortzen ditu, orduan hasten baita pertsona bat ikusten non dagoen benetako zoriona. Gogora dezagun San Agustin: «On egiten duenak bakarrik egin dezake gizakia zoriontsu».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






