JESUSENTZAT, AZKENAK LEHENENGO DIRA
Jesusek gizarte banatu bat ezagutu zuen: banaketa-hesiz zatitua eta bereizketa korapilatsuk zeharkatua. Talde desberdinak ageri dira bertan: tenplura joan daitezkeen juduak eta kultua eskaintzera joan ezin diren paganoak; pertsona «garbiak» zeinekin tratatu baitaiteke eta pertsona «likitsak», bazterrera utzi beharrekoak; «lagun hurko» direnak, maitatu beharrekoak, eta lagun hurko ez direnak, bertan behera utz daitezkeenak; gizaki «jainkozaleak», lege betetzaileak eta «jende madarikatua», agindutakoa ez ezagutzen ez betetzen dutenak; pertsona «sanoak», Jainkoak bedeinkatuak, eta «gaixo» madarikatuak, tenplura ezin sartu direnak; pertsona «zuzenak» eta gizon-emakume «bekatariak».
Jesusen jarduera gizarte horretan hain harrigarria iruditzen zaigu, gaur ere gogor gertatzen baitzaigu onartzea. Ez du hartzen fariseu-taldeen jarrera, harreman oro ekiditen baitute likitsekin eta bekatariekin. Ez du jarraitzen Qumranekoen jarrera elitista, non zerrenda zehatzak egiten baitituzte elkartetik baztertuak direnekin.
Jesus, hain justu, diskriminatuenak direnengana hurbildu da. Publikanoekin otorduak egiteko esertzera. Oinak besarkatzen uzten dio emakume bekatari bati. Bere eskuz ukitzen ditu lepradunak. «Galdua dena» salbatzen saiatzen da. Jendeak «bekatarien adiskide» deitzen dio. Temati eta kitzikatzaile dihardu errepikatzen «azkenak lehenengo izango direla» esaten, eta publikanoak eta prostituituak lege-maisuen eta apaizen aurretik doazela Jainkoaren erreinuko bidean.
Nori iruditu dakioke gaur egun Jainkoaren aurrean lehenak izan daitezkeela alkoholikoak, arloteak, eskaleak eta gizarteak bazter utzia duen jende guztia? Nor ausartzen da pentsatzera ezen prostituituek, heroinomanoek edo hiesdunek aurrea hartzen ahal dietela biziera errugabeko elizgizon ez gutxiri?
Halaz guztiz, nahiz eta jadanik inork ez dizuen esango, zuek, jende ez desiragarri zaretenok eta anatematizatuok, jakin behar duzue Jesu Kristogan agertu zaigun Jainkoak zinez jarraitzen duela zuen adiskide izaten. Zuek kristau askok baino hobeto «ulertu» eta onartu dezakezue Jainkoaren barkazioa, ezertaz damutu beharrik sentitzen ez duten kristau askok baino hobeto.
Guk ezikusia egiten dizuegunean, hurbildu egiten zaizue Jainkoa. Guk umilarazten zaituztegunean, Jainkoak defenditu egiten zaituzte. Guk mespretxatzen zaituztegunean, hark onartu egiten zaituzte. Zuen gauaren une ilunenean, ez zaudete bakarrik. Zuen umilazioaren unerik sakonenean ez zaudete bertan behera utzirik. Ez dago lekurik zuentzat gure gizartean, ez gure bihotzean. Horregatik, hain justu, daukazue leku pribilegiatu bat Jainkoaren bihotzean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






