JAINKOARENAK GARA SOILIK
«Eman Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena». Jesusen hitz hauek askotan erabili izan dira muga argi bat ezartzeko politiko denaren eta erlijioso denaren artean, eta defenditzeko horrela Estatuaren erabateko autonomia, fedearen izenean egindako edozein interpelazioren aurrean.
Interpretazio honen arabera, bi egiteko hauek jarri bide zizkion Jesusek gizakiari: batetik, betebehar zibil-politikoak; bestetik, interpelazio erlijiosoa. Gizakiak bi arazo desberdini erantzun beharko balie bezala: arazo soziopolitikoei botere politikoren aurrean eta arazo erlijiosoei Jainkoaren aurrean.
Jesusen asmoa, ordea, ez da hori. Beraren hitzen indarra azken zatian dago. Maltzurki galdetu diote zergen problemaz, eta Jesusek amen batean askatu du problema. Zesarrena den moneta badarabilte, horrek berekin daramatzan ondorioak jasan beharko dituzte. Baina Jesusek ideia berri bat tartekatu du, arerioen galderan ageri ez zena.
Horrelakorik espero ez zutela, Jainkoa tartekatu du planteamenduan. Monetaren irudia Zesarri dagokio, baina gizakiak ez du ahaztu behar bere baitan Jainkoaren irudia daramala; beraz, gizakia Jainkoarena bakarrik dela. Hori baieztatzen zuen biblia-tradizioak. Hori kontuan izanik, atzeman dezakegu Jesusen pentsamendua. «Eman Zesarri berea duena; baina ez ahaztu zeuek Jainkoarenak zaretela».
Jesusentzat, Zesar eta Jainkoa ez dira maila bereko bi agintari, gizakiaren mendetasuna bien artean banatu beharko balute bezala. Edozein Zesarren gain dago Jainkoa, ezin eskatu du Zesarrek inoiz ere Jainkoarena dena.
Estatuen boterea hazten ari den eta hiritarrei gizarte batean, zeinetan kasik guztia bideratua eta kontrolatua baitago, beren askatasuna defenditzea gero eta zailago egiten ari zaien aldi hauetan, fededunok ez genuke utzi behar geure kontzientzia eta geure askatasuna inongo boterek lapurtu diezazkigun.
Ondradu bete beharreko ditugu geure betebehar hiritarrak, baina ez diogu utzi behar inongo botereri, modelatu eta bideratu gaitzan, Jainkoaren erreinuaren oinarrizko eskakizunei dagozkienetan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






