ON DA SINESTEA
Sarritan uste izaten da, fedea gizakiaren betiko salbazioarekin zerikusia duen zerbait dela, baina ez eguneroko zoriontasun zehatzarekin, orain bertan axola zaigunarekin. Are gehiago. Badira susmoa dutenak ezen Jainkorik gabe eta erlijiorik gabe zoriontsuago izango ginatekeela. Horregatik, osasungarri da gogoratzea zenbait kristau-konbentzimendu, fedea desegoki edo eskas aurkeztu izan delako, ahazturik edo tapaturik gelditu izan direnak. Hona horietako batzuk.
Jainkoak maitasunez bakarrik kreatu gaitu, eta ez bere probetxurako edo bere ongizatea gogoan izanik, baizik eta gure ongizatea bilatuz. Jainkoari axola zaion gauza bakarra gure ongia da.
Jainkoak gure zoriontasuna gura du, ez heriotzaren ondokoa bakarrik, «betiko bizia» deitzen duguna bakarrik, baizik eta oraingoa bera, bizitza honetakoa bera. Horregatik, presente dago bera gure bizitzan, gure ongia indartuz, inoiz ez oinazea, ez kaltea.
Jainkoak errespetua die naturaren legeei eta gizakiaren askatasunari. Ez du behartzen ez giza askatasuna, ez kreazioa. Baina gure ondoan dago bizitza gizatarrago baten aldeko gure borroka sostengatuz eta gure askatasuna ongirantz erakarriz. Horregatik, une bakoitzean esku-eskura dugu Jainkoaren grazia, ahalik eta zoriontsuenak izan gaitezen.
Moraltasuna ez datza Jainkoak apeta hutsez ezarriak lituzkeen legeak betetzean. Berak guk bihotzean daramatzagun eskakizun moral batzuk bete ditzagun nahi badu, betetze hori guretzat on delako da. Jainkoak ez du debekatzen gizakiarentzat on den ezer, ez digu eskatzen kaltegarri izan dezakegun ezer. Soilik, gure ongia nahi du.
Jainkoagana bihurtzeak ez du esan nahi biziera zoritxarrekoago eta gogaikarriago baterantz jotzea, baizik eta nork bere askatasuna biziera gizatiarrago, sanoago eta, azken batean, zoriontsuago baterantz bideratzea, horrek sakrifizio batzuk eta ukapena eskatuko baditu ere. Zoriontsu izateak berekin ditu beti bere eskakizunak.
Kristau izatea «ondo bizitzen» ikastea da, Jesusek urratutako bidea jarraituz. Zoriontasunak dira bide horren nukleorik «esanguratsuena» eta «eskandalagarriena». Zoriontasunerantz bihotz xumez eta gardenaz bide egiten da, zuzentasuna gose eta egarri izanez, bakearen alde barne errukitsuz lan eginez, bidearen zama otzan jasanez. Zoriontasunetan taxutua den bide honek Jesusek berak, lur honetan jadanik, bizi eta esperimentatu zuen zoriontasuna ezagutzera eraman ohi gaitu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







