GAUZA ERABAKIGARRIA EZ DA ERLIJIOA
«Azken auziaren» parabola, izatez, giza historiaz emango den azken erabakiaren deskripzio handiosa da. Ez da erraza Jesusen jatorrizko kontakizuna berreraikitzea, baina eszenak aukera ematen digu munduaren norabidean tartekatu duen «iraultza» atzemateko.
Auzi hartan arraza eta herri guztietako jendea dago, kultura eta erlijio guztietakoa. Den-dena behin betiko ezarriko duen azken hitza entzungo da. Jendetza hartan bi talde ari dira nabarmen. Batzuk Jainkoaren bedeinkazioa hartzera deituak dira: premia izan dutenengana errukiz hurbildu izan direnak dira. Besteek aldentzeko agindua hartu dute: axolagabe bizi izan dira gainerakoen sufrimenduaren aurrean.
Azken zoria erabakiko duena ez da erlijioa, jendeak bizi izan duena, ezta jendeak bere bizitzan bizi izan duen fedea ere. Gauza erabakigarria errukiz bizitzea da, sufritzen duenari eta gure laguntza behar duenari lagunduz. Gose den jendeari, etorkin babesgabeari, gaixo pobreari edo guztiek ahazturik dituzten presoei egiten zaiena, Jainkoari berari egiten zaio, Jesusengan gizon eginari. Kreatzaileak atseginena duen erlijioa sufritzen ari denari laguntzea da.
Ebanjelioko pasadizoan ez dira jaulkitzen hitz handiak: «zuzentasuna», «solidaritatea» edo «demokrazia» bezalakoak. Denak dira sobera, sufritzen ari direnei eskainitako benetako laguntzarik ez bada. Jesus janariaz ari da, arropaz, edateko zerbaitez, teilatupeaz.
Ez da mintzo «maitasunaz» ere. Hizkuntza abstraktuegia iruditzen zaio Jesusi. Ez zuen erabili ia sekula. Gauza zehatzez mintzo da hemen: «jaten emateaz», «janzteaz», «ostatu emateaz», «bisita egiteaz», «lagun egiteaz». «Bizitzaren ilunabarrean» ez gaituzte aztertuko maitasunaren gainean; izatez eta zehazki zer egin genuen galdetuko digute gure laguntza behar zuen jendeaz.
Hau da Jesusek gizadi osoari egindako oihua: ardura zaitezte sufritzen ari direnez, zaindu txikiak. Inon ez da bizia eraikiko, Jainkoak nahi bezalakoa, jendea sufrimendutik liberatzen saiatuz ez bada. Erlijio bakar bat ere ez du bedeinkatuko Jainkoak azkenekoentzat errukia eragiten ez badu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






