ESNA JARRAITZEN AL DUGU?
Egun batean amaituko da gizon-emakumeon historia zirraragarri hau, gutako bakoitzarena bukatuko den bezala. Ebanjelariek diskurtso bat ipini dute Jesusen ahoan azken honetaz, eta beti azpimarratu izan dute erregu bat: «zain-zain egon», «adi egon», «esna bizi». Lehen kristau-belaunaldiek garrantzi handia eman zioten zain-zain bizitze honi. Munduaren azkena, ordea, ez zen iritsi batzuek uste zuten bezain laster. Arrisku hau sumatzen zuten: jendea pixkana Jesusez ahazten joatea, eta ez zuten nahi egun batean «lo» aurki zitzan.
Ordutik mende asko igaro dira. Nola bizi gara gaur egungo kristauok?, esna jarraitzen al dugu ala lo hartuz joan gara pixkana? Jesusek erakarririk bizi al gara ala bigarren mailako beste milaka arazok zabarturik?. Jesusi jarraitzen al diogu ala beste guztien antzera bizitzera jo dugu?
Zain-zain bizitzea, beste ezer baino lehen, inkontziente bizitzetik esnatzea da. Izan ere, kristau garelako «ametsa» bizi ohi dugu, egiaz, ez gutxitan, gure interesak, jarrera eta biziera Jesusenak ez direnean. Amets honek ederki babesten gaitu geure bihotz-berritze pertsonalaren eta Elizarenaren bila ibiltzetik. «Esnatzen» ez bagara, geure burua engainatzen jarraituko dugu.
Zain-zain bizitzea errealitateri ondo erreparatuz bizitzea da. Sufritzen ari direnen intziriak entzutea. Jainkoak biziari dion maitasuna bizitzea. Arretatsuago begiratzea Jainkoak gure artean duen presentzia misteriotsuari. Sentiberatasun hau gabe, ezin dugu bide egin Jesusen urratsei segika.
Batzuetan ebanjelioaren deiaren aurka immunizaturik bizi ohi gara. Badugu bihotz bat, baina sorgortu egin zaigu; badugu entzumen bat, baina ez dugu entzuten Jesusek entzuten zuena; baditugu begiak, baina ez dugu ikusten bizitza hark ikusten zuen bezala, ezta begiratzen ere jendeari hark begiratzen zion bezala. Orduan Jesusek bere jarraitzaileen artean ekidin nahi zuena gerta dakiguke geuri ere: ikusi behar izatea «beste itsu batzuen gidari itsu zirela» haiek.
Esnatzen ez bagara, guztioi gerta dakiguke parabola hartakoek bezala, aldien bukaeran bertan ere galdetzea: «Jauna, noiz ikusi zintugun gose, edo egarri, edo atzerritar, edo biluz, edo gaixo, edo preso, eta ez zintugun lagundu?»
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







