BARKAZIOAREN GIZARTE-GARRANTZIA
Ez da erraza entzutea barkaziorako Jesusek egin digun deia. Ezta inplikazio guztiak ateratzea ere, onartzen denean gizakia gizatiarrago dela barkatzean mendekua egitean baino.
Jakina, zuzen ulertu behar da Jesusen pentsaera. Barkatzeak ez du esan nahi egindako zuzengabekeriari ezikusia eta ezezaguna egitea, ezta era pasiboan eta axolagabean onartzea ere. Aitzitik, zerbait barkatzen baduzu, suntsitzeko da, nolabait esateko, gaitzaren espirala, eta besteari laguntzea birgaitzen eta etorkizunean beste era batean jokatzen.
Barkatzearen dinamikan ahalegin bat dago beti, gaizkia ongiaz garaitzeko. Barkazioa keinu bat da, pertsonen arteko harremanak era kualitatiboan aldatzen dituena eta ondorengo bizikidetasuna beste era batean bizitzea planteatzen duena. Horregatik, barkazioak ez du izan behar eskakizun indibidual bat, baizik eta ondorio sozial bat izan beharko luke.
Gizarteak ez luke gizaki bat, edozein delarik ere, bertan behera utzi behar, ezta erruduna ere. Pertsona orok du eskubidea maitatua izateko. Ezin onartu dugu zigor-errepresioak presoari, soilik «gaitza gaitz-ordain» itzul diezaion, beraren delituan murgildurik utzita, beraren bizitza are gehiago hondatuz eta benetan birgaitu dadin eragotziz.
G. Radbruch jurista handiak uste du ezen zigorrak, gaitza gaitz-ordain bezala harturik, galduz joan beharko lukeela gure gizartean, eta, ahal den neurrian, «estimulu bihurtu beharko lukeela gaitza ongiaz kitatzeko; hau baita era bakarra lurrean zuzentasuna eragiteko, lurra okertu gabe, aitzitik mundua hobetu egingo duelarik».
Ez dago inolako zuzenespenik inongo presori tratu iraingarri eta zuzengabekorik emateko, gaizkile komun nahiz politiko izan. Ez dugu sekula aurrera egingo gizarte gizatiarrago baterako bidean, bazter uzten ez baditugu jarrera errepresibo, gorrotozko eta mendekuzkoak.
Horregatik, errakuntza handia da jendeari errebantxara eragitea. «Herriak ez du barkatuko» delako oihua ulergarri da, zoritxarrez, baina ez da bide egokia etorkizun gizatiarrago bat eraikitzen irakasteko.
Barkazioari uko egitea, fededun bezala, inoiz ere sinatu ezin dugun oihua da; azken batean, guztioi barkatu digun hark maite duen haurridetasunari uko egitea baita.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







