ENTZUN HURBILETIK ZORIONTASUNAK
Jesus mendira igo eta eseri da zoriontasunak aldarrikatzeko; jendetza dago inguru hartan, baina «ikasleak bakarrik hurbildu zaizkio» mezua hobeto entzuteko. Zer entzuten dugu gaur egun Jesusen ikasleok beragana hurbiltzen bagara?
Zoriontsuak «espirituz pobre» direnak, ezer gutxirekin bizitzen dakitenak, beti Jainkoaz fidatuz. Zoriontsua arimaz pobre den Eliza, arazo gutxiago izango baititu, arretatsuago erreparatuko baitie premian direnei eta askatasun handiagoz biziko baitu ebanjelioa. Halakoarena da Jainkoaren erreinua.
Zoriontsuak «jasankorrak», bihotz onbera eta errukitsu bizi direnak. Zoriontsua otzantasunaz betea den Eliza. Opari bat izango da indarkeriaz lepo den mundu honentzat. Halakoak jasoko du ondaretzat promes egindako lurra.
Zoriontsuak «negar dagitenak», zuzengabeki jasaten dituztelako sufrimendua eta bazterketa. Halakoekin kreatu ahalko da mundu hobeago eta duinago bat. Zoriontsua Jesusi leial izateagatik sufritzen duen Eliza. Egun batean kontsolatuko du Jainkoak.
Zoriontsuak «zuzentasunaren gose eta egarri direnak»; galdu ez dituztenak zuzenago izateko gogoa eta mundu duinago bat egiteko antsia. Zoriontsua Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna irrikatsu bilatzen dituen Eliza. Beragan arnastuko da giza espirituaren hatsik onena. Egun batean aserik agertuko da beraren guraria.
Zoriontsuak errukiak eraginda jokatzen duten, lan egiten eta bizi diren «errukitsuak». Halakoak dira lurrean zeruko Aitaren antzekoago direnak. Zoriontsua Jainkoak harrizko bihotza erauzi eta haragizko bihotza ezartzen dion Eliza. Beronek lortuko du errukia.
Zoriontsuak «bakearen bila ari direnak» pazientziaz eta fedez, guztien ona bilatuz. Zoriontsua munduan bakea eta ez liskarra, adiskidetasuna eta ez konfrontazioa ereiten duen Eliza. Bera izango da Jainkoaren seme edo alaba.
Zoriontsuak, «zuzentasunagatik pertsegituak izanik», otzan-otzan erantzuten dietenak zuzengabekeriari eta irainei. Halakoek laguntzen digute gaizkiari ongiaz irabazten. Zoriontsua Jesusi jarraitzeagatik pertsegitua den Eliza. Berarena da Jainkoaren erreinua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







