ESPERANTZA AKABATU GABE
Esperantza sortzaile nekaezina izan zen Jesus. Bere existentzia guztia gainerakoengan bere esperantza nola kutsatuko bizi zuen, bere barne ondokoenean berak bizi zuen esperantza zen. Gaur Jesusen beraren alerta-oihua entzungo dugu: «Jaiki zaitezte, jaso burua; hurbil da zuen askatasuna. Baina kontuz: ez dakizuela sorgortu burua bizioaz, edariaz eta diru-grinaz».
Jesusen hitzek ez dute galdu gaurkotasunik; hain zuzen, esperantza akabatzen jarraitzen dugu gaur ere, eta bizitza era askotan maspiltzen. Ez gaitezen sar talde honetan: fede oro alde batera utzirik, «jan eta edan dezagun, bihar hilko baikara» diotenen taldean. Aldiz, amets dezagun, geure burua kristautzat hartuz, jarrera ez oso desberdinean eror daitezkeenen talde hau: «Jan eta edan dezagun, bihar Mesias etorriko baita».
Gizarte batek bizitzaren helmuga ia bakarra gurariak itsu-itsu asetzea duenean eta nor bere gozamenean hesitzen denean, han hila da esperantza.
Aserik bizi direnak ez dira ibiltzen ezer berriren bila. Ez dute lanik egiten mundua aldatzeko. Ez zaie axola gero hoberik. Ez dira asaldatzen zuzengabekeriaren, sufrimenduen eta oraingo munduko zentzugabekerien aurka. Izatez, mundu hau «zerua» dute horrelakoek, gustura emango lukete betikotzat. Ezer hoberik itxaro beharrik ez izateko, luxuan bizi dira.
Zein tentagarria gertatzen den, beti, momentuko egoerari egokitzea, geure mundu txikian eroso kokatu eta lasai bizitzea, amets handiagorik gabe. Kasik oharkabean txertatzen da gugan ilusioa, mundua ezertan aldatu gabe norberaren zoriona iritsi ahal izatekoa. Baina ez gaitezen ahaztu: «Soilik beren begiak eta belarriak ixten dituztenak, soilik giza sentiera galdu dutenak, senti daitezke gustura mundu hau bezalako batean» (R. A. Alves).
Bizia egiaz maite duenak eta gizaki guztiekin solidario sentitzen denak bakarrik sufritzen du, ikustean, oraino ere, gehiengo handi bat ezin bizi dela era duinean. Sufrimendu hau seinalea da ezen oraindik bizirik jarraitzen dugula eta jabeturik gaudela zerbait oker doala. Jainkoaren erreinuaren eta beronen zuzentasunaren bila jarraitu beharra dugu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain