BIDEAK BERRESKURATZEA
Oso erraz gerta dakiguke bizitzan Jainkoaganako «biderik gabe» gelditzea. Ez da zertan izan ateoa. Ez da beharrezkoa Jainkoari era kontzientean uko egitea. Aski da geure egun hauetako joera orokorrari jarraitu eta axolagabetasun erlijiosoan bizitzeari ematea. Pixkana, Jainkoa galdu egiten da pertsonaren horizontetik. Gero eta gutxiago du axola. Posible al da gaur egun Jainkoaganako bidea berreskuratzea?
Agian, lehenengo gauza «erlijioaren gizatasuna» berreskuratzea dateke. Alde batera uztea bide anbiguoak, Jainko aprobetxatzaile eta dominatzaile batengana gidatzen dutenak, soilik, bere aintzaren eta boterearen irrika bakarrik duen Jainko batengana; eta, horren ordez, geure bihotza irekitzea beste Jainko honengana: oraintxetik eta betiko, guretzat denik eta gauzarik hobena bilatzen eta desiratzen duenagana. Jainkoa ez da inor zapaltzen eta umiliatzen duen Izaki Gorena, baizik eta Maitasun Santua da, erakartzen eta bizia ematen duena. Gaur egungo jendea ez da itzuliko Jainkoagana beldurrak eraginda, baizik eta maitasunak erakarrita.
Beharrezkoa da, aldi berean, geure bizitzaren horizontea zabalago bihurtzea. Geure bizitza gauzaz betetzen ari gara, eta geure barnea husten, hutsik uzten. Gauza guztien informazioa dugula bizi gara, baina jadanik ez dakigu norantz bideratu geure bizitza. Historiako belaunaldi adimenduena eta aurrerakoiena garelakoan gaude, baina ez dakigu geure bihotzean sartzen, adoratzeko eta eskerrak emateko. Jainkoagana hurbildu, existitzeko eremu berri baten bila hasten garenean hurbiltzen gara.
Garrantzizkoa da, ordea, bizitzarentzat «oinarri sendo bat» bilatzea. Zertan sostenga gaitezke hainbat eta hainbat ziurgabetasun eta nahasmenduren artean? Etxe bat bezala da bizitza: fatxada eta teilatua zaindu beharrekoak dira, baina garrantzi handiena duena zimentarri seguru baten gainean eraikitzea da. Azkenean, beti behar izango dugu geure azken konfiantza zerbaitetan edo norbaitengan ipintzea. Ez ote da izango Jainkoaren beharra dugula?
Harenganako bideak berreskuratzeko, isilik egoten ikasi beharra dugu. Existentziaren barnekoenera orduan iritsiko gara: ez aztoraturik eta beldurrez beterik bizi garenean, baizik eta geure barnea isiltasunak hartzen duenean. Pertsona barnebiltzen bada eta Jainkoaren aurrean isilik jartzen, goiz edo berandu beraren bihotza irekitzen hasiko da.
Pertsona bere baitan hesiturik bizi daiteke, biderik gabe ezer berri eta kreatzailerako. Baina posible da Jainkoaganako bide berrien bila ibiltzea ere. Honetara gonbidatzen gaitu Joan Bataiatzaileak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







