BARNE BERRIKUNTZA
Gizatarra izateko, funtsezko alde bat falta zaio gure bizitzari: barnetasuna. Lasterka bizitzera behartzen gaituzte, ezertan eta inorekin pausatu gabe, eta zorionak ez du astirik izaten gure bihotzean sartzeko. Arin-arin pasatzen gara gauza ororen gainetik eta, kasik beti, azalean gelditzen gara. Ahazten ari zaigu bizitzari entzuten sakontasun eta barnekoitasun-pixka batekin
Isiltasunak sendatzen ahal gintzake, baina jadanik ez gara gai bera aurkitzeko geure milaka zereginen artean. Gero eta tarte gutxiago izaten dugu espirituarentzat eguneroko bizitzan. Bestetik, zein arduratuko da gaur egun hain estimu gutxiko diren gauzez: barne bizitzaz, meditazioaz edota Jainkoaren bila ibiltzeaz?
Barne janariaz gabeturik, begiak itxirik bizirauten dugu, geure arimaz ahazturik, piloka egitasmo, zeregin eta ilusio-geruzaz jantzirik. Ikasi dugu jadanik bizitzen «gauzen artean gauza huts izango bagina bezala» (Jean Onimus). Gauzarik tristeena, ordea, behatzea da ezen, sarriegi, erlijioa bera ere ez dela gai izaten pertsonari berotasuna eta barne bizitza emateko. «Azalekoaren» apustua egin duen mundu honetan, Jainkoa urrunegi legokeen «objektu» gertatzen da eta, egia esateko, probetxu gutxiko objektu eguneroko bizitzarako.
Horrengatik, ez da harritzekoa gizon-emakume askori Jainkoa bost axola zaiela ikustea; ez dute ezagutzen, ez dakite zer demontre den, haren beharrik sentitu gabe bizitzen ikasi dute. Agian Jainkoa bada, bai, baina egia da ez dutela hura batere «on» sumatzen beren bizitzarako.
Ebanjelariek «Espiritu Santuaz bataiatzera» datorrena bezala aurkeztu digute Jesus, hau da, Espirituaren indarrez gure bizitza garbitu eta sendatu dezakeen norbait bezala. Eta, agian, gaur egungo Elizaren lehen egitekoa, hain justu, «Espiritu Santuaren bataio» hori eskaintzea da gure egun hauetako gizon-emakumeei.
Espiritu horren beharra dugu: berak irakatsiko digu azaleko huts denetik, gizakiagan, munduan eta bizitzan barnekoena denera igarotzen.
Ez da aski Ebanjelioa hots egina izatea. Gure belarriak ohituegi daude eta ez dute aditzen hitzen mezua. Hau bakarrik izan dezakegu konbentzigarri: barneko poz berri eta desberdin baten esperientzia erreala, bizia, zehatza.
Kirio kitzikatuen pakete bilakatutako gizon-emakume, kanpotiko asaldura hutsalek mugituriko izaki, ia den guztiaz gogaiturik eta, esateko, inolako barne pozik gabe: egiten ahal dugu ezer hoberik geure bizitza apur batez pausatu baino, oraino sinesten dugun Jainkoari apal-apal dei egin eta geure bizitza eraldatzen ahal digun Espirituari konfiantzaz irekin baino? Izan ahalko dira gure kristau-elkarteak eremu bat non bizi ahalko garen Jesusengan haragi egindako Jainkoaren Espirituari harrera eginez?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain