BIDEAK URRATU JAINKOARI
Joanek oihu asko egin du. Herria lo ikusten duelako egiten du eta esnatu egin nahi duelako, itzalita dakusa eta bihotzean Jainko Salbatzaileaganako fedea piztu nahi dio. Dei bakar honetan biltzen du bere oihua: «Prestatu bidea Jaunari». Nola ireki, ordea, bideak Jainkoari? Nola eman tarte handiagoa Jaunari geure bizitzan?
Bilatze pertsonala. Askorentzat, Jainkoa oso tapatua dago mota guztietako aurreiritziz, duda-mudaz, haurtzaroko oroitzapen txarrez edota esperientzia erlijioso negatiboz. Nola aurkitu? Garrantzizkoa ez da Eliza gogora ekartzea, apaizak edo meza. Lehenengo gauza, Jainko biziaren bila hastea da, bera Jesu Kristogan agertzen zaigula kontuan hartuz. Bere burua aurkitzen uzten die hark beraren bila dabiltzanei.
Barne arreta. Jainkoari bide bat urratzeko, geure bihotzaren hondora jaitsi beharra dugu. Jainkoaren bila bere barnean ez dabilenak nekez aurkituko du kanpoan. Geure barnean beldurra, galderak, desirak, hutsuneak… aurkituko ditugu. Ez dio axola. Hor dago Jainkoa. Kreatu gaituenean bihotz bat eman digu, beragan, kreatzaileagan, ez bada, inon ez dugu atsedenik izango.
Bihotz egiati batekin. Jainkoaren misteriora gehienik hurbiltzen gaituena, egian bizitzea da, geure burua engainatu gabe, geure erroreak aitortuz. Jainkoarekin topo egitea, pertsonari barnetik otoitz hau ateratzen zaionean gertatzen da: «O Jainkoa, izan erruki nitaz, bekatari naiz eta». Hau da biderik hobena barneko bakea eta poza lortzeko.
Konfiantzazko jarrera. Beldurrak Jainkoaganako bidea ixten dio ez jende gutxiri. Beldurra ematen dio harekin topo egiteak: soilik haren auzia eta haren balizko zigorrak etortzen zaizkio burura. Ezin iritsi da sinestera Jainkoa maitasuna dela, maitasuna soilik; gizakia juzkatzen duenean ere, maitasun mugagabez egiten duela. Maitasun honekiko konfiantza esnatzea, Jainkoarekin era berri eta gozoz bizitzen ikastea da.
Bide desberdinak. Nork bere bide propioa egin behar du. Denok izaten dugu Jainkoa bidelagun. Ez du inor bakarrik uzten; askoz gutxiago galdurik badabil. Garrantzizko gauza ez galtzea da Jainkoaren desira apala. Konfiantza eskainiz jarraitzen duena, nola edo hala sinetsi nahi duena, «fededun» da jadanik Jainkoaren aurrean: pertsona bakoitzaren bihotz-hondoa ezagutzen du hark.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain