EZ USTE IZATEA JAINKOAK HUTS EGIN DIGULA
Krisi erlijiosoa eta barne nahasmendua bizi ditugun aldi hauetan, garrantzizkoa da gogoratzea ezen Jesu Kristo ez dela Elizen arteko inoren jabetza pribatua. Ez, guztiena da. Beragana hurbiltzen ahal dira, bai Jainkoaren Semetzat hartzen dutenak, bai beren bizitzarentzat zentzu gizatiarragoa bilatzen ari direnak.
Duela jadanik urte batzuk, Roger Garaudy pentsalari ezagunak, garai hartan uste osoko marxistak, oihu hau egin zien kristauei: «Zuek jaso eta gorde duzue esperantza hau: Jesu Kristo. Zuek behar diguzue itzul, bera guztiona da eta».
Aldi berean kasik, Jean Onimus-ek bere liburu zirraragarri eta ez-ohikoa argitaratu zuen Jesusez, Le Perturbateur titulu probokatzailearekin. Jesusi zuzenduz, hau zioen idazle frantsesak: «Zergatik izan behar duzu, soilik, predikatzaileen, doktoreen eta jende eskolatu batzuen jabetza?, zuk, gauza hain xume eta zuzeneko esan dituzun horrek?, guztientzat diren eta betiko bizirako hitz direnak?»
Horregatik, gauza gutxik ematen dit poz handiagorik, jakiteak baino ohiko praktika erlijiosotik urrundu diren gizon eta emakume asko ari dela Jesusen bila nire idazkietan. Konbentzimendu osoa dut ezen Jesus izango dela biderik hobena Jainko Adiskidearekin topo egiteko eta nork bere bizitzari zentzu itxaropentsuago bat emateko.
Jesusek ez du uzten hotz eta axolagabe beragana hurbiltzen den inor. Egian bizi den norbaitekin egiten du topo pertsonak, azkenean; zergatik bizi behar den eta zergatik hiltzea merezi duen dakien batekin. Sumatzen du biziera hori, «hain Jesusena den hori», dela bizitzari eta heriotzari aurre egiteko erarik zuzenekoena eta gizatiarrena,
Jesusek sendatu egiten du. Biziaz duen grinak agerian ipintzen ditu gure azalkeria eta konbentzionaltasuna. Babesgabekoez duen maitasunak mozorrogabetu egiten ditu gure egoismoa eta eskastasuna. Berak, egiak, agerian ipintzen ditu gure auto-engainuak. Baina, batez ere, bere Aitagan duen baldintzarik gabeko fedeak sinesgabetasunetik irtetera gonbidatzen gaitu eta Jainkoaz fidatzera.
Gaur egun Eliza alde batera uzten dutenek, beraren baitan deseroso sentitzen direlako edota beraren jarduera edo jarraibide batzuekin ezin bat egin dutelako edota, besterik gabe, kristau-liturgiak beraientzat bizi-interes guztia galdu duelako, ez lukete horregatik Jesus bera alde batera utzi behar automatikoki.
Pertsona batek, beste erreferentzia-puntuak galdu dituenean eta sumatzen duenean «zerbait» bere kontzientzian hiltzen ari dela, gauza erabakigarria izan dezake Jesu Kristorekiko harremanak ez haustea. Hona ebanjelioko testuak dakartzan Jesusen hitzak: «Zorionekoa nitaz desengainaturik sentitzen ez dena». Zorionekoa ulertzen duena Kristok beraren bizitzarako esan nahi duena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






