BASAMORTUAREN ERDIAN
Mugimendu erlijioso handiak, kasik beti, basamortuan jaio izan dira. Isiltasuneko eta bakardadeko gizon-emakumeak izan dira, argia ikusirik, gizadiaren maisu-maistra eta gidari bihurtu ahal izan direnak. Basamortuan ezinezkoa da alferrikako ezer. Isiltasunean funtsezko galderak bakarrik entzuten dira. Bakardadean barnekotasunaz elikatzen denak bakarrik bizirauten du.
Laugarren ebanjelioan, Bataiatzailea funtsezko hutsera mugaturik geratu da. Bera ez da Mesias, ezta bizira itzulitako Elias ere, ezta espero duten Profeta ere. «Basamortuan oihu egiten duen ahotsa» da. Ez du botere politikorik, ez du inolako titulu erlijiosorik. Ez da mintzo tenplutik edo sinagogatik. Beraren ahotsa ez da jaio, ez estrategia politikotik, ez inolako probetsu erlijiosotatik ere. Gizakiak bere baitan entzuten duenetik dator, funtsezkoan sakontzen duenean.
Honela laburtzen ahal da Bataiatzailearen susmoa: «Ba ote da ezer handiagorik, ezer duinagorik eta esperantza emaileagorik bizi duguna baino. Gure bizitzak errotik aldatu beharra du». Ez da aski larunbataz larunbata sarri-sarri sinagogara joatea, ez da ezertarako on liburu sakratuak errutinaz irakurtzea, alferrik da Legeak agindutako sakrifizioak era arautuan eskaintzea. Ez du bizirik ematen edozelako erlijio batek. Jainko biziaren misteriora behar du pertsonak ireki.
Ugaritasunaren eta aurrerapenaren gizartean gero eta zailago ari da gertatzen basamortutik datorren ahots bat entzutea. Entzuten dena, alferrikako gauzen publizitatea da, gauza arrunten zabalkundea, beren estrategiaren eta, are, probetxuzko diskurtso erlijiosoren preso diren politikoen erretolika.
Norbaitek uste izan lezake, jadanik ezinezkoa dela antzematea zein lekukok hitz egiten digun Jainkoaren isiltasunetik eta egiatik. Ez da, ordea, horrelakorik. Bizitza modernoaren basamortuan topo egin dezakegu jakinduria eta duintasuna irradiatzen duen jenderekin, alferrikakoaz bizi ez denarekin. Jende xumea, bihozkoi gizatarra. Ez du jaulkitzen hitz askorik. Beraren biziera dugu mintzo dena.
Jende horrek gonbidatzen gaitu, Bataiatzaileak bezala, «bataia gaitzaten» uztera, bizitza desberdin batean murgiltzera, izen berri bat hartzera, «birjaiotzera», gizarte honen ekoizpen soil senti ez gaitezen, ezta ingurunearen seme-alaba ere, baizik eta Jainkoak maite-maite dituen seme-alaba.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain