JESUS IZENA IPINIKO DIOZU
Hebrearren artean ez zitzaion jaioberriari edozein izan ipintzen, era arbitrarioan; «izenak», antzinako kultura ia guztietan bezala, pertsonaren izaera adierazten zuen, beraren benetako nortasuna, beragandik espero zena.
Horregatik du hartarainoko ardura Mateo ebanjelariak azaltzeko, hasieratik, bere irakurleei bere kontakizunaren protagonista izango denaren izenaren esanahi sakona. Oraindik jaio ez den haur horren «izena» Jesus izango da: «Jainkoak salbatzen du» esan nahi duen izena. Izen hori izango du, beraz, «bere herria bekatutik salbatuko duelako».
K. o. 70. urtean, Vespasiano, juduen errebolta itotzen ari zela enperadore berri izendatua, Erromara joan zen; bi izenez hartu eta aldarrikatu zuten han: «Salbatzailea» eta «Ongilea». Mateo ebanjelariak garbi utzi nahi ditu gauzak. Munduak behar duen «salbatzailea» ez da Vespasiano, baizik eta Jesus.
Salbazioa ez zaigu etorriko inongo enperadoreren eskutik, ezta herri batek beste baten gain lortutako garaipenetik ere. Gizadiak gaitzetik, zuzengabekeriatik eta indarkeriatik salbatu beharra du, eta birnorabidetu beharra gizakiaren bizitza duinago baterantz. Hau da Jesusek eskaintzen digu salbazioa.
Mateok, gainera, beste izen hau esleitzen dio Jesusi: «Emmanuel». Badaki ez zaiola inori eman izen hori historian barna. Izen harrigarria da, guztiz berria; «Jainkoa gurekin» esan nahi du. Beragan eta beragandik, Jainkoa bidelagun dugula, bedeinkatzen eta salbatzen gaituela sinesten dugunok ematen diogun izena da.
Lehen kristau-belaunaldiek beren bihotzean grabaturik eraman ohi zuten Jesusen izena. Behin eta berriz errepikatzen zuten izen hori. Beraren izenean bataiatzen ziren, beraren izenean elkartzen ziren otoitz egitera. Mateorentzat, bere fedearen sintesi bat da Jesusen izena. Paulorentzat, ez da ezer handiagorik. Lehen kristauen gorazarreetako baten arabera, «Jesusen izenaren aurrean belaun orok tolestu egin behar du» (Filipoarrei 2,10).
Hogei menderen ondoren, kristauok ikasi beharra dugu Jesusen izena era berri batean ahoskatzen: txeraz eta maitasunez, fede eraberrituz eta konbertsio-jarreraz. Jesusen izena geure ezpainetan eta geure bihotzean dugularik, esperantzaz bizi eta hil gaitezke.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






