URTE BERRI BATEN AURREAN
Ladislao Boros teologoak dio, bere idazkietako batean, kristau-bizitzaren burubide edo printzipio kardinaletako bat dela: «Jainkoa beti berriro hasten da» esatea. Jainkoarentzat ez da ezer behin betiko galdua denik. Beragan den-dena da hasiera eta berrasiera.
Era lauan esateko, Jainkoak ez du etsitzen gure eskastasunaren aurrean. Bere barkazioaren eta graziaren indar berritzailea gure erroreak eta gure bekatua baino ahaltsuagoa du. Berarekin, dena hasten ahal da berriro.
Horregatik, on da urte berri hau gogo berritzailez hastea. Bizitzeko eskaintzen digun urte bakoitza da ahalbide berri batzuetarako aldi irekia, grazia eta salbazio-aldia, zeinetan era berri batean bizitzera gonbidatzen baikaitu Jainkoak. Hargatik, joan-etorri handikoa da entzutea geure barneari jariotzen ahal zaizkion galderei.
Zer espero dut nik urte berri honetan? «Gauzak egiteari» emandako urtea izango al da, arazoak konpontzeari, tirandura, urduritasuna eta umore txarra metatzeari emana, ala era gizatiarragoan bizitzen ikasiko dudan urtea izango da?
Zer da urte honetarako benetan nahi dudana? Zeri emango diot aldirik ederrena eta garrantzizkoena? Beste behin, urte hutsal bat, azaleko eta ohikeriazko bat izango al da, ala bizitza pozik eta esker onez biziko dudan urtea?
Zer aldi hartuko dut atsedenerako, isiltasunerako, musikarako, otoitzerako, Jainkoarekin topo egiteko? Saiatuko al naiz neure barne bizitza elikatzen, ala asaldaturik, etengabeko ekinean, jarduera batetik bestera korrika biziko naiz, zehazki zer nahi dudan eta zertako bizi naizen jakin gabe?
Zer denbora emango diot neure bikotekidearekin barnetiko gozamenez bizitzeari eta seme-alabekin pozik bizitzeari? Neure etxetik kanpo biziko al naiz, bizitza neure gisa antolatzen, ala gai izango al naiz neure etxekoak buru-eskaintza eta txera handiagoz maitatzen?
Zeinekin egingo dut topo aurten? Zeinengana hurbilduko naiz? Gai izango al naiz jende horri guztiari poza, bizia, esperantza emateko, ala kutsatuko diodana etsipena, tristura eta heriotza izango da? Ni ibiliko naizen lekuan, bizitza gozoagoa eta jasangarriagoa izango al da, ala latzagoa eta penagarriagoa?
Urte honetan, neure kezka guztia neure ongizate soila izango al dut, ala arduratuko al naiz gainerakoak zoriontsu egiteaz ere? Neure betiko egoismo zaharrean hesituko al naiz, ala era kreatzailean biziko naiz, neure inguruan mundu gizatiarragoa eta bizileku egokiagoa egiten saiatuko naiz?
Jainkoari bizkarra emanez bizitzen jarraituko al dut, ala ausartuko al naiz uste izatera bera dudala Adiskiderik hobena? Beraren aurrean mutu jarraituko al dut, ahoa eta bihotza ireki gabe, ala jarioko al da, noizbait ere, neure barnetik berari egindako dei apal baina egiati bat?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain